Gaur goizean “Asociación Sociocultural y de Cooperación al Desarrollo UcraniaEuskadi” elkarteko boluntarioak diren Alberto Etxebarri eta Javier Bargara Laudioko bizilagunak, horniduraz betetako furgoneta batekin abiatu dira Polonia eta Ukraina arteko mugara, Przemyśl-era. Udaleko langile erretiratuak diren bi laudioarrek, 1.500 kilo kargatu dituzte ibilgailuan, osasun-produktuak, elikagai ez-galkorrak, haurtxoentzako elikagaiak, arropa termikoa, lo-zakuak eta mantak, besteak beste.
Laudioko bi bizilagun horiek orain Ukrainara daramaten laguntza humanitarioa egunotan jaso da herrian bertan, Mimitos dendan eta Latiorro ikastetxeko IGEan, hain zuzen ere. Aurreikuspenen arabera, ostiral honetan, martxoaren 11n, iritsiko dira aipatutako mugara. Laudioko Udalak ordainduko ditu Europako herrialde horretara egindako bidaiaren gastu guztiak.
“Przemyśleko Udaleko langileak arduratuko dira deskargatzeaz. Bertako jendeari ahal dugun guztian lagunduko diogu, baita bizilagunek egunotan eman diguten diruarekin ere”, ziurtatu du Alberto Etxebarrik.