Laudioko Udalak rokodromoa instalatuko du Latiorroko pilotalekuan

Erabiltzailearen aurpegia Laudioko Udala 2022ko mar. 11a, 21:58

Datozen hilabeteetan Laudioko Udalak rokodromo bat eta bulder bat instalatuko ditu udal ekipamenduetan, eskalada eta mendi zaleei entrenatzeko eta gozatzeko aukera emango dien instalazioa sortzeko. Izan ere, Laudion mendiko klub eta elkarte ugari dago, eta federatu asko daude horietan izena emanda.

Esleitzeko dagoen eta 74.874,80 euroko aurrekontua duen rokodromoak bulderra izango du, Latiorroko pilotalekuaren barruan egongo da, Latiorro HLHI hezkuntza-multzoan, eta sarbidea izango du ikastetxe barrutik edo Asudio kaletik. Kirol-multzoa pilotalekuaren ezkerreko paretari atxikiko zaio, azken tartean, eta 188 metro karratuko azalera izango du guztira –144 metro karratu sokarekin egiteko bideen rokodromorako izango dira, eta gainerako 44 metro karratuak bulderrerako-.

“Horrelako instalazioek entrenamenduak egiteko eta mendiarekin eta eskaladarekin erlazionatutako trebetasun ugari lantzeko aukera ematen dute”, zehaztu du Ander Añibarro alkateak.

Jende guztiarentzat instalazio egokiak diren arren, jende gaztea erakartzen dute batez ere, dibertimendura gonbidatzen dutelako eta erronkak planteatzen dituztelako, banaka zein talde txikietan. Gainera, eskalatzaile hasiberriek zein esperientziadunek erabili ahal izango dituzte, rokodromoak hainbat inklinazio plano izango baititu, zailtasun-maila desberdineko bideak osatzeko.

Jarduketak gauzatzeko epea hamabost astekoa izango da, kontratua esleitu eta sinatzen denetik aurrera, lan hauek barne hartuta: behin betiko diseinu-aldia, proiektuaren idazketa, fabrikazio-aldia, elementuen hornidura, muntaketa eta homologazio-ziurtagiria.

Jarduketa horren bidez, Laudioko Udalak herriko kirol ekipamenduak eta instalazioak hobetzeko eta osatzeko ahaleginak egiten jarraitzen du.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide