Laudioko Udalak herrian identifikatutako orkidea basati espezie batzuk babesteko jarduerak jarri ditu abian berriro. Zehazki, Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Katalogoan agertzen diren eta Arrañon aurkitu dituzten Himantoglossum hircinum eta Orchis itálica espezieen zenbait ale dira.
Oraingoz, identifikatutako aleak hazten diren guneak seinaleztatu dira, udal langileek egiten dituzten sega-lanetan moztu ez ditzaten. Hesiak ere instalatu dira, inguruan bazkatzen duten abereek landareak kaltetu ez ditzaten. Eta kartelak jarri dira seinaleztatutako guneetan, egiten ari den jarduketaren berri emateko.
Lan horiek egiteko, Laudioko udalak tokiko naturalisten ezinbesteko laguntza izan du; izan ere, naturalista horiek arduratu dira bi espezieak hazten diren guneak lokalizatzeaz, eta hartutako babes-neurrien jarraipena eta ebaluazioa egiteaz.
“Euren loreen edertasunaz eta dotoreziaz gain, orkideek ekosistemaren kontserbazio-egoeraren termometro gisa jarduten dute. Biodibertsitatearen galera planetaren arazo esanguratsuenetakoa da, eta azken hamarkadetan erritmo jasangaitza hartu du. Gure ingurunea eta bertako espezieak behar bezala babesteko ezagutu behar ditugulakoan, Udaletik jarduketa horiek eta beste batzuk zabaltzen jarraituko dugu, gure berdeguneen biodibertsitatea ezagutarazteko eta kontserbazioaren garrantzia azpimarratzeko”, ziurtatu du Ander Añibarro alkateak".