Laudioko Udalak premiaz lizitatu du Zumalakarregiko igogailu panoramikoaren konponketa

Erabiltzailearen aurpegia Laudioko Udala 2022ko mar. 28a, 07:00

Konponketa-lanetarako aurrekontua gehienez 35.000 eurokoa izango da.Enpresek proposamenak aurkezteko izango duten gehieneko epea hamaregun baliodunekoa izango da. Kontratua gauzatzeko, hau da, hornidura eta instalazioa egiteko, gehieneko epea hamabost astekoa izango da. Epe hori murriztea irizpide ebaluagarria izango da esleipenerako.

Datozen egunetan Laudioko Udalak premiaz lizitatuko du Zumalakarregiko igogailu panoramikoaren konponketa. Azaroan, igogailuan izandako ekintza bandalikoek barruko ateak, barruko eta kanpoko beiratea eta kabinako operadorea kaltetu zituzten. Baina urtarrilean horrelako ekintzak errepikatu ziren, azpiegituraren kanpoko ateak kaltetuta utziz. Laudioko Udala hainbat aldiz bildu zen zerbitzuaz arduratzen den Iza Ascensores enpresarekin, eragindako kalteak aztertzeko eta ahalik eta azkarren jarduteko. Azkenik, otsailean, zerbitzuaren esleipena duen enpresak birjartzeko material guztiak bildu zituenean, egituran antzemandako beste kalte handiago batzuen berri eman zion Udal-administrazioari. Korrosioaren ondorioz, hainbat solairutako eskailera buruen markoak oso hondatuta zeuden, eta horrek segurtasun arazo larria zekarren.

Egin beharreko lanetarako behar zen zenbatekoa kontuan izanda, ezinezkoa izan da azpiegitura zuzeneko kontratazio bidez konpontzea. Gauzak horrela, eta nahi baino gehiago luzatu den egoerari erantzuna emateko, Udalak Zumalakarregiko igogailuko elementu kaltetuak (ateak, beirak, kabinako operadorea, kabinako zorua eta beste erremate batzuk) konpontzeko eta hornitzeko lizitazioa egingo du datorren astean. Konponketa-lanetarako aurrekontua 35.000 eurokoa izango da gehienez. Eta enpresek proposamenak aurkezteko izango duten gehieneko epea 10 egun baliodunekoa izango da, iragarkia organo kontratatzailearen profilean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Era berean, kontratua gauzatzeko, hau da, hornidura eta instalazioa egiteko, gehieneko epea hamabost astekoa izango da. Epe hori murriztea irizpide ebaluagarria izango da esleipenerako. “Epeak ahalik eta gehien murriztea espero dugu, eta igogailua lehenbailehen martxan jartzea, gure bizilagunei zerbitzua emateko. Barkamena eskatu nahi dugu prozesu honek guztiak herritarrei eragin dizkien eragozpenengatik”, adierazi du Ander Añibarro Laudioko alkateak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide