“Bakardadeak Eskola” ekimena iaz iritsi zen Laudiora, nahi ez den bakardadearen aurkako Arabako estrategiaren bitartez. Orain, eta hiru hilabeteko esperientzia pilotuaren ondoren, Laudioko Udalak berriro jarri du martxan “Bakardadeak Eskola”, emakumeengan arreta berezia jarriz, eta elkartzeko eta ikasteko leku bat sortuz, ahalduntzeko eta nahi ez diren bakardade-egoerei aurrea hartzeko gizartetrebetasunak garatzeko. Emakumeek dute egoera horiek jasateko arriskurik handiena, bizi-itxaropen luzeagoa dutelako, soldata-arraila hor dagoelako (pentsio eta soldata txikiagoak) eta familia-zaintzaile rola betetzen dutelako.
Ildo horretan, garrantzitsua da azpimarratzea biztanleria osoaren % 20a 60 urte edo gehiagoko emakumeak direla. Azken hamarkadetan bizi-itxaropenak izan duen gorakadak 80 urterekin hasten den laugarren adina deiturikoan jarri du arreta.
Laudion 1.473 pertsonak gainditzen dute adin-muga hori, hau da, laudioar guztien % 8ak. Eta horietatik % 60,2 emakumeak dira (887), eta % 39,8 gizonak (586). Komunitatean isolamendu soziala izateko arriskuan dauden pertsonak identifikatu behar dira, auzotarren, gizarte-zerbitzuen eta lehen mailako arretako osasunzerbitzuen bitartez. Izan ere, datu horiek adinean aurrera egin ahala gero eta kezka handiagoa sortzen duen gizarte-arazoa marrazten dute, nahi ez den bakardadea. Isolamendu soziala saihesten eta eredu enpatikoagoa eta solidarioagoa eraikitzen lagunduko duten laguntza komunitarioko sareak “ehuntzea” da Laudioko Udaleko Emakume eta Berdintasun Zerbitzuak berriro sustatuko duen proiektuaren helburua.
Iaz, 70 parte-hartzaile izan ziren guztira. Astero biltzen dira eta topagune atsegina sortzen dute, bizi-istorioak partekatzeko, hazkunde pertsonalerako tresnak ikasteko, autoezagutza lantzeko eta euren gaitasunak taldearen esku jartzeko, elkarri prestakuntza emanez. Azken batean, “Bakardadeak Eskola” metodologia parte-hartzaileak gidatutako topaketa- eta ikaskuntza-gunea da, parte-hartzaileek Eskolaren ibilbidean zehar jardueren programazioa eta formatua zehazteko erabakiak hartzen parte hartzen dutelako. Horrela, parte-hartzaileak modu librean eta aktiboan inplikatu ahal izango dira proiektuan, eta zerbait propio gisa eraikiko dute.
Bakardadeak Eskolak hiru tailer finko programatu ditu urtean zehar: artea eta emozioen adierazpena antzerkiaren bitartez, sexualitatea adineko emakumeen artean, eta nork bere burua hobeto ezagutzea eta maitatzea autoestimua eta autozainketa indartzeko.
“Bakardadeak Eskolan” parte hartu nahi dutenek dagoeneko Beatriz Jimenez dinamizatzailearekin jar daitezke harremanetan, 681 019 848 telefono-zenbakira
deituta. Saioak asteartero egiten dira, 17:00etatik 19:00etara, Lamuzako 17an.
Esperientzia pilotua
Laudio izan da Bakardadeak Eskola izeneko esperientzia pilotua martxan jarri den Arabako lehen udalerria, Loli Muriel Berdintasun zinegotziak nahi ez den
bakardadearen aurkako Araba A Punto proiektuan talde eragileko kide gisa parte hartu zuelako. 2021eko azken hiruhilekoan, Arabako Foru Aldundiak komunitatea sortzera, adimen emozionalari buruz ikastera eta dolu-prozesuak kudeatzera bideratutako zazpi ikastaro zituen ekimena bultzatu zuen.
Bertaratutakoek inplikazio handia erakutsi zuten eta modu aktiboan hartu zuten parte jardueretan, esperientziak, hitzaldiak eta barreak partekatu zituzten, eta, ondorioz aho zapore ona utzi eta 2022. urtean proiektuarekin jarraitzeko gogoa eman zien.
Aurten esperientziak formatu komunitarioagoa hartu du, Bakardadeak Eskola sarbide libreko topagune bihurtu da eta udalerriko bizilagunen hitzaldiak, tailerrak eta doako ekimenak bildu ditu. Ezagutza partekatzeko eta komunitatea sortzeko lekua, topaketa eta esperientzia partekatuen bitartez.
Proiektuaren helburua bakardadearen gaineko begirada aldatzea da, haren inguruko mito eta beldurrak desmuntatzea, hartaz gozatzen ikastea eta nahi ez
den bakardadeari aurrea hartzeko tresnak aurkitzea. “Bakardadeak Eskolan”, bakardadeari aurrez aurre begiratzen zaio, eta “nire konpainiarik onena ni neu izan naitekeela” ikasten da, nork bere burua eta gure inguruko harreman sozialak zainduz.