Laudioko Udalak Hiri eta Gertutasun Ekonomia Kontseilua sortzea onartu du

Erabiltzailearen aurpegia Laudioko Udala 2022ko api. 10a, 07:00

Merkataritzaren, ostalaritzaren, zerbitzuen eta tokiko ekoizleen sektoreek udalerrian proiektu berriak martxan jartzen parte hartzeko laneko foroa izango da.

Laudioko Udalak, joan den martxoaren 28an egindako azken osoko bilkuran, Hiri eta Gertutasun Ekonomia Kontseiluaren Funtzionamenduari buruzko Araudi berria onartu zuen, merkataritza-, ostalaritza- eta zerbitzu-sektoreak, tokiko ekoizleez gain, sektorearen garapenarekin lotutako gaiei buruz eztabaidatu eta parte hartu ahal izan dezaten.

“Egungo testuinguruan, beharrezkoa da sektore horietarako estrategia berriak definitzea. Hiri-ekonomiaren arloko eragileen parte-hartzea funtsezko alderdia da haien egoera hobetzeko benetako laguntza izango duten jarduerak eta programak definitu ahal izateko”, adierazi du Andoni Orue Ekonomiaren Garapen, Merkataritza eta Enplegu Zerbitzuko zinegotziak.

Araudi horren helburua, beraz, Hiri eta Gertutasun Ekonomia Kontseilua arautzea da, parte hartzeko organo gisa, udalek jarduteko edo lankidetza publiko-pribatuan aritzeko proposamenak jaso, sustatu, aztertu eta egin ditzaten, sektore horiei dagozkien alderdietan, Laudion garapen ekonomikoa sustatzeko helburu orokorraren barruan.

Hala, besteak beste, Hiri eta Gertutasun Ekonomia Kontseiluak eginkizun hauek izango ditu:

• Hiri- eta gertutasun-ekonomiaren garapenarekin lotutako pertsonen, erakundeen eta eragileen parte-hartze zuzena sustatzea.
• Sektore horretara zuzentzen diren programei eta jarduketei buruzko proposamenak egitea eta horiek martxan jartzeko prozesuan Udalarekin lankidetzan aritzea.
• Udalerriko hiri eta gertutasun ekonomiaren garapenean esku hartzen duten eragileen arteko koordinazioa sustatzea.
• Azterlanak, txostenak eta jarduketak egitea sustatzea.
• Oro har, udalerriaren hurbiltasuneko eta hiri-ekonomiarako estrategia integralaren definizioan, egikaritzean eta jarraipenean parte hartzea.

Osaerari dagokionez, Osoko Bilkura osatzen duten talde politikoetako ordezkariak sartzeaz gain, Kontseiluan hiri-ekonomiari lotutako merkataritza- eta negozioelkarteetako ordezkariak sartuko dira: merkatariak, ostalariak, zerbitzuen sektoreko negozioak eta tokiko ekoizleak. Behin Araudia onartuta, Udalak organo hori martxan jartzeko egingo du lan, datozen hilabeteetan funtzionatzen hasi ahal izateko. Udalbatzak onartutako dokumentua herritarren eta sektorearen eskura egongo da udalaren webgunean.

“Merkataritza-, ostalaritza-, zerbitzu- eta bertako ekoizle-eskaintza izatea funtsezkoa da, Laudio inguruneko udalerrientzako erreferente izan dadin, eta gizarte-bizitza dinamizatzeko, kaleak bizitzaz betetzeko, espazio publikoa hobetzeko eta enplegua sortzeko, beste onura askoren artean. Horregatik, Kontseilu horrek sektorearen partaidetzara irekitako lan-eremua izan behar du”, amaitu du Andoni Oruek.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide