Udalerriko bizitza soziala eta kulturala dinamizatzeko helburuarekin, Laudioko Udalak udaberri honetarako kultur programa diseinatu zuen hilaren hasieran: KultUDABERRIA. Eta horren barruan, gure euskal ondare, ohitura eta sustraiei eskainitako “Euskal Mamia” zikloa. Gure euskal tradizioak herrian are gehiago errotzea helburu duten plan horiek guztiak maiatzean gauzatuko dira, 1etik 29ra, hain zuzen ere.
“Aurtengo udaberriko kultur programarekin haratago joan nahi genuen. Dibertitzearen eta gozatzearen aldeko apustua egin dugu, baina gure kulturari eta ondareari keinu berezia eginez, gure sustraiei balioa emanez”, adierazi du Maite Cortazar Kultura eta Jaietako zinegotziak.
“Euskal Mamia”
Herriko Lankaietako Lagunak taldearen txistu musika izango dute lagun laudioarrek maiatzeko lehen igandean. Kalakan hirukoteak gure kulturan hain adierazgarria den musikak ematen dituen sentsazio guztiak hurbilduko ditu herritarrengana, hilaren 14an, larunbata, eta emakumezkoek osatutako Neomak taldeak, azken diskoetan ahotsa eta panderoa jarriz Kepa Junkerarekin aritu ziren “sorginak”, soinu eta estetika apurtzailearekin iritsiko dira Laudiora hilaren 20an, ostiralean. Egun horretan bertan, euskal dantzak sustatzen lau hamarkada baino gehiago daramatzan Itxarkundia Dantza Taldeak ikuskizuna eskainiko du.
Hala ere, ez da diziplina horri eskainitako egun bakarra izango. Izan ere, larunbatean, hilak 28, dantzak izango dira protagonista Laudion, egungo ikuspegitik euskal musika eta dantza tradizionala ezin hobeto uztartzen dituen Arineketan Dantza taldeari esker.
“Euskal Mamia” programak hurrengo egunean, hilak 29, igandean, esango dio agur herriari, Ekin Joleak herriko txistulari taldearen kalejirarekin. Amaiera, bere zuzeneko musikarekin gozarazten mende bat baino gehiago daraman Laudioko San Roke Musika Taldearen “Musika Plazan” kontzertuak ekarriko du. Amaiera ezin hobea euskal kultura ohoratu eta balioetsi nahi duen programarentzat. Izan ere, herritarrek beste behin ere taldeak eskainiko dituen euskal musikagileen piezak eta soinu tradizionalak gozatu ahal izango dituzte.
“KultUDABERRIA programak gure herrian ditugun artista handiak ere ikusarazten ditu. Ezin dugu euskal kultura ulertu haiek kontuan hartu barik”, gogorarazi du zinegotziak.