Udal Administrazioak eguzki-argiak jartzea erabaki du, Laudioko gune horiek hirigunetik nahiko urrun daudelako, eta lehendik dagoen hornidura-linea luzatzeak, zutoinak, kableak, obrak eta abar barne, ingurumenean eragin negatiboa izateaz gain, neurriz kanpoko kostua eragiten zuelako.
“Jarduketa honekin, inguru ilun horiei argia ematea lortu dugu, obra handirik gabe, ingurunean eragin bisual negatiborik sortu barik eta ingurumena hobetzen duten sistema berriztagarriak ezarriz” nabarmendu du Joseba Amondo Obretako zinegotziak. Jarduketak 12.856,25 euroko kostua izan du guztira.
Datozen hilabeteetan, 2019an hasi zen zerbitzu hori zabaltzen jarraituko du Udalak, Goienuri, Larrazabal eta Gardea eremuetan.