Aurten Laudiok berriro ospatuko ditu Sanrokeak abuztuan. Jaiak iragartzeko kartel lehiaketa klasikoak berrogeita hirugarren edizioa beteko du aurten, eta Udalak dena prest du jadanik. Deialdi berri honetan, eta herrian ohitura denez, 6 eta 14 urte bitarteko umeentzako lehiaketa bat eta adin tarte hori baino nagusiagoentzako beste bat egongo dira.
Aurreko edizioetan bezala, lehiaketara nahi beste kartel aurkeztu ahal izango dira, jatorrizkoak eta argitaragabeak badira eta aurretik sarituak izan ez badira. Goiburuek ere desberdinak izan beharko dute.
Lanak JPG formatuan aurkeztuko dira dagoeneko eskuragarri dagoen udal webguneko inprimakiaren bitartez, eta Laudioko armarri ofiziala eta testu hau izan beharko dituzte: “SANROKEAK 2022-LAUDIO JAIETAN”. Gainera, formatu fisikoan ere aurkeztu beharko dira, goiburua atzealdean duen euskarri zurrun batean. Parte hartu nahi duten laudioarrek maiatzaren 20ra arte izango dute aukera.
Helduen kategoriako irabazlearen kartela 2022ko Sanrokeen irudi bihurtuko da eta 1.200 euroko sari bakarra jasoko du. Bestalde, haurrentzako lehiaketaren irabazleak herriko dendetan erositako 250 euroko material didaktikoa eskuratuko du.
Bi kategorietako kartel irabazlea aukeratzeko lehen fasea epaimahai baten bitartez egingo da. Epaimahaia hauek osatuko dute: Maite Cortazar Jaietako zinegotziak, diseinuan eta artean aditua den pertsona batek, Sanrokeak 2022 lantaldeko bi kidek, Berdintasun teknikariak eta Udaleko Hizkuntza Normalkuntza eta Identitate teknikariak. Bigarren faserako sailkatutako lanak herritarrek bozkatuko dituzte. Herritarrek zazpi eguneko epea izango dute botoa emateko.
Sanrokeak
Datorren abuztuan jai giroa nagusituko da berriro Laudioko txoko guztietan. Erraldoiak eta buruhandiak herriko kaleak eta plazak alaitzera aterako dira, koadrilek euren ohiko jai-ekintzei ekingo dizkiete, eta herriko elkarteak Sanrokeetako protagonista izango dira berriz ere.
Bestalde, Sanrokeak 2022 lantaldeak aurrera jarraitzen du jai-egitarauaren prestakuntzan, eta aurten berrikuntzak ekarriko ditu. “Bi urteko pandemiaren ondoren, laudioarrek Sanrokeez gozatuko dute berriro. Espero dezagun ilusioa eta festa giroa nagusitzea, betiere arduraz eta errespetuz. Normaltasuna eta gure betiko jaiak berreskuratzeko gogo handia dago”, adierazi du Maite Cortazar Kultura eta Jaietako zinegotziak.