Iaz, Laudioko Udalak, herritarrekin batera txakurren aisialdirako hainbat gune instalatzeko kokalekuak eta horien zerbitzuak eta ezaugarriak zehazteko prozesua jarri zuen abian. Orain, Laudiok bi gune ditu txakurrak askatzeko. Izan ere, Latiorroko txakurren aisialdirako guneak 1.600 metro karratu ditu, eta bigarren espazio bat ere badago Bide Zaharren Parkean, 1.000 metro karratu ingurukoa. Azken ekipamendu horretan, Udalak egurrezko hesi bat jarri du txakurrei eta jabeei segurtasun handiagoa emateko.
“Instalazio honekin maskotentzako espazio erosoa eta segurua sortzea eta bermatzea lortu dugu”, azpimarratu du Ander Añibarro alkateak. Txakurren aisialdirako eremua dagoeneko laudioarren eskura dagoen arren, datozen hilabeteetan gunea eraldatzen jarraituko dugu. Udal Administrazioak espazioa hobetu nahi du, ingurua eserlekuz, paperontziz eta gainerako elementuz hornituz.
Laudioko herritarrek urteko 365 egunetan 24 orduz erabili ahal izango dute espazioa. Espazioaren erabiltzaileek Animaliak Babesteko eta Edukitzeko Ordenantzaren baldintza guztiak bete beharko dituzte, eta animalien gorotzak jaso eta horretarako prestatutako zabor ontzietan behar bezala utzi beharko dituzte. Gainera, animalien etengabeko kontrola egin beharko da, maskota guztiek gune horretaz modu seguruan gozatu ahal izan dezaten.
Gobernu taldeak herriko hainbat gunetan horrelako ekipamenduak jartzen jarraitzeko asmoa du. Horrela, 2022. urte honetan zehar, Udalak txakurren aisialdirako gune berriak instalatuko ditu, eta hurrengoa Carlos Larrea urbanizazioaren inguruan egongo dela aurreikusi da. “Espazio horiez gain, udalerriko txakurrentzako aisialdirako gune berriak martxan jartzen jarraituko dugu”, amaitu du alkateak.