Laudioko Udalak, 4,3 milioi euroko kredituak aldatzeko espedientea onartzeko ezohiko osoko bilkura egin du gaur arratsaldean. Diru-zenbateko horretatik, gobernu-taldeak hartu duen konpromisoaren arabera, 2,3 milioi euro 2022an gauzatzeko edo, gutxienez, hasteko, inbertsio berrietara bideratuko ditu.
Horien artean, hiri-berroneratzerako inbertsio garrantzitsuak nabarmentzen dira, hala nola, Jesus Guridi plaza, Landaluze auzoa edo Gardeako Tejeria kalea goitik behera birgaitzeko proiektuen idazketa. Gainera, espediente horri esker, Zumalakarregiko hainbat tartetan espaloiak aldatu edo Herriko Plaza berritzeko lehen urratsak eman ahal izango dira.
Era berean, udal-eraikinetan egin beharreko inbertsio handiak jasotzen dira, hala nola Aretako Kultur Etxea, Etxebarri baserria sendotzeko lanak edo kirolazpiegituretan hobekuntzak (Ellakuriko igerilekuetako zelaiak, kiroldegian egingo diren hobekuntzak edo Gardeako Gizarte Etxean sukaldea egokitzea).
Horrez gain, Laudioko erdigunean haur-parke baten estalkia egitea aurreikusten da. “Plan horri esker, inbertsio garrantzitsuak egin ahal izango dira Laudio berritzeko. Udalerri hobea, modernoa eta laudioar guztien beharretara egokitua izatearen aldeko apustua egiten jarraituko dugu, bizilagunek eskatu dizkiguten arloetan inbertituz”, aurreratu du Eva Marquínez Ekonomia eta Zerga Kudeaketako zinegotziak.
Aipatutako inbertsio-proiektuez gain, onartutako espedienteak Udalaren ohiko beharrei erantzuten dieten beste gastu mota batzuk gaitzea jasotzen du, onartutako aurrekontuaren hasierako aurreikuspenak berrikusiz. “FOFELen 2021eko behin betiko likidazioarekin 2 milioitik gora finantzatu dira, Arabako Foru Aldundiak aurreko urtean izandako diru-bilketa handiagoari esker. Horri esker, gastu-ahalmen handiagoa lortu da udal-kontuak arriskuan jarri gabe”, azaldu du zinegotziak.
Inbertsio horiez gain, Laudioko Udala hiri-berroneratzearekin eta energiatrantsizioarekin erlazionatutako beste proiektu batzuetan ere ari da lanean, hainbat laguntza-deialdiren bidez finantzatzeko, Europako funtsen bidez batez ere. “Urte amaierara bitartean proiektu estrategikoak finantzatzeko funts gehigarriak lortzeko gai izatea espero dugu. Europako funtsak lortzeko apustu garrantzitsua egiten ari gara Laudio modernizatu ahal izateko”, zehaztu du Ander Añibarro alkateak.
Espedientea onartu ondoren, Udalak bertan sartutako proiektuak gauzatzeko egingo du lan, eta garapenean aurrera egiten den heinean horren berri emango da. Era berean, gogorarazi behar da 2023ko Aurrekontua prestatzeko lanak aurrera doazela, eta parte-hartze bidezko aurrekontuen prozesuko 2. fasea dagoela irekita, laudioarrek inbertsio-proposamenak udalera bidal ditzaten.