Laudiok Aiaraldeko Boluntario Azoka hartuko du datorren igandean, ekainaren 5ean

Erabiltzailearen aurpegia Laudioko Udala 2022ko mai. 30a, 14:02

Jai eta elkartasun jardunaldi horren bidez, Aiarako koadrilako herritarrek herriko hainbat elkartek bultzatzen dituzten zenbait ekimen eta proiektu ezagutu ahal izango dituzte, bai eta horietan boluntario gisa aritzen diren herritar askoren esperientzia ere.

Datorren igandean, ekainak 5, Batekin Arabako Boluntario Agentziak Aiarako bailarako elkarteekin batera antolatzen duen Aiaraldeko Boluntariotza Azoka hartuko du Laudiok. Jai eta elkartasun jardunaldi horren bidez, Aiarako koadrilako herritarrek herriko hainbat elkartek bultzatzen dituzten zenbait ekimen eta proiektu ezagutu ahal izango dituzte, bai eta horietan boluntario gisa aritzen diren herritar askoren esperientzia ere. “13 elkartek hartuko dute parte, eta bakoitzak stand bat izango du bere proiektua zertan datzan azaltzeko. 

Gainera, adin guztietarako jarduera ugari izango ditugu, umeentzako txoko bat, musika eta sorpresa ugari”, nabarmendu du Loli Muriel alkateordeak. 11:00etatik 14:00etara Aldai plazan egingo den hitzorduan Aiarako udal ordezkariak izango dira. Asmoa ekitaldi hau eskualdeko egutegian finkatzea da. Murielek azpimarratu duenez, “Aiaraldea osatzen duten herrietan zehar ospatzen joango da”.

ALDAI PLAZAKO ESPAZIOAK

• Stand gunea: elkarteek banan-banan kontatuko dituzte beren proiektuak eta ekimenak, eta herritarrek dituzten zalantza guztiak argituko dituzte. Guztira 13 izango dira, oso eremu desberdinetakoak.

• Topaketa-karpa: gune honetan, Aiarako haraneko bizilagunek boluntariotza egiten duten pertsonen esperientzia bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute.

• Umeentzako karpa: karpa honetan jolasak eta materialak izango ditugu txikienek margotu eta ondo pasa dezaten.

• Tailerren karpa: gune honetan elkarteek proposatutako hainbat tailer egingo dira.

ANTOLATUTAKO JARDUERAK

1. Jar zaitez nire lekuan, Eginaren Eginezen eskutik. Jarduera Laudiotik ibilbide bat egitea izango da, espazio irisgarriak identifikatzeko. Hala direnetan, pegatina berdea jarriko da, eta ez direnetan pegatina gorria.

2. Oztopoen rallya, Apdemaren eskutik. Jarduera saskibaloiko Kantxan egingo da, eta pibotez eta zintaz mugatutako ibilbidea izango da. Parte-hartzaileek gurpil-aulkiak erabili ahal izango dituzte, eskuzkoak zein elektrikoak.

3. Ipuin kontalaria eta Memory, Afarabak antolatuta. Lehenengo jardueran, hainbat zailtasun dituzten pertsonei buruzko ipuin bat antzeztuko da. Bigarrenean, parte hartu nahi dutenek euren oroimena jokoan jarriko dute bikoteak aurkitzeko jolas baten bidez. Ekimen biak Aldai plazan izango dira.

4. Zientzia-tailerra, “Fruten DNA”, Araban minbiziaren aurka elkarteak antolatuta. Dinamika horren helburua ikertzaileen lana hurbiltzea da. Fruten DNA erauzteko tailerra egingo da. Ekimena tailerren karpan gauzatuko da. Gainera, toki berean, Araban minbiziaren aurka elkarteak, bizitzan zehar gugan eragina duten minbizien aurkako prebentzio-kanpainen berri emango du.

5. Herritarren eta boluntarioen arteko kafe topaketa, Batekinen eta Aiarako bailarako elkarteen eskutik. Bertaratzen direnek zuzenean ezagutu ahal izango dute azokan parte hartzen duten erakundeetako boluntarioen esperientzia. Hitzordua Topaketa-karpan izango da.

6. Ezinezko Irakurketa Tailerra, Tel-Euskadik antolatuta. Hainbat testu irakurriko dira, hizkuntzaren zailtasunak direla-eta irakurmena oso txikia denean ikastea zein zaila den bizitzeko. Irakurketari amaiera emateko, hizkuntza ulertzeko premia dutenei laguntzera etortzen den RescaTEL izeneko superheroi txikiaren eskulana erabiliko da. Jarduera Tailerren-karpan izango da.

7. Bingo inklusiboa, Nagusilanen eskutik. Jarduera Aldai plazan egingo da, eta mahai bakoitza osatzen duten pertsonen arteko bingo inklusiboa eta lankidetzazkoa izango da. Mahai bakoitzean, jardueran parte hartzen duten pertsonek erabili beharko dituzten objektuak egongo dira, adinekoen eta desgaitasunen bat duten pertsonen errealitate eta zailtasun desberdinei buruzkoak.

8. Beirazko botilen dekorazioa, Asasamek antolatuta. Beirazko botilak decoupage teknikarekin apainduko dira. Teknika horren bidez, paperezko ahozapi batetik diseinu bat aplikatu eta euskarri jakin batean finkatuko da. Kasu horretan, beirazko botila batean aplikatuko da, eta, beraz, eskulan ezin hobea da jadanik erabili ditugun beirazko botilak birziklatzeko. Ekimena Tailerren-karpan egingo da

9. Jarri bere azalean, Gurutze Gorriaren eskutik. Dinamika horretan, parte-hartzaileek “zahartzearen jantzia” ezagutuko dute. Traje hori adineko pertsonek egin zuten, gazteak haien lekuan jar zitezen. Nahi duenak probatu ahal izango du, eta adinak pertsona gehienengan sortzen dituen mugez jabetu ahal izango da. Tailerra Stand gunean egingo da.

10. Katu orri-markatzaileak, Amukaturen eskutik. Katu motiboak dituzten eskulanak egingo dira. Helburua animalia horien zaintzaz kontzientziatzea da. Tailerrarekin batera, kaleko katakumeen zaintzari buruzko hitzaldia emango da. Tailerren eta umeentzako Karpetan izango da.

Jardueren ordutegiak Batekin Arabako Boluntariotza Agentziaren webgunean egongo dira eskuragarri. Halaber, 12:30etik 13:00etara, Aiarako bailarako udal arduradunek elkarteen eta boluntarioen lana eskertzeko eta balioesteko aintzatespen-ekitaldia egingo dute.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide