Laudioko Udalak bisita gidatua antolatu du Arraño mendira ekainaren 12an, 10:00etan, bertako ondare naturala ezagutzera emateko. Zehazkiago, han ikus daitezkeen orkidea basati espezie ugariak ezagutarazteko. Izan ere, Arraño mendian 20 orkidea basati espezie baino gehiago hazten dira neguaren amaieratik udazkenera arte, biodibertsitate handiko eta ondare natural aberatseko gunea eskainiz. Espezie horietako bi, gainera, Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoan daude.
Proposatutako ibilbideak bi ordu iraungo du eta Lamuzako parkean hasiko da. Gainera, Laudiokoloreak ekimeneko kideek dinamizatuko dute. Jarduera euskaraz eta gaztelaniaz egingo da eta guztira 12 plaza izango ditu. Parte hartu nahi dutenek Udaleko Ingurumen Sailean izena eman beharko dute (944 034 870) edo hirigintza@laudio.eus helbidera idatzi.