Ellakuriko kiroldegiko estali gabeko udal igerilekuetako bainu-denboraldia datorren igandean, hilak 19, hasiko da. Kirol azpiegitura irailaren 11ra arte egongo da laudioarrentzat erabilgarri, 11:00etatik 20:00etara.
COVID-19aren pandemiak eragindako bi urteko murrizketen ondoren, aurten ez da mugarik egongo eta instalazio guztiak erabili ahal izango dira. Aurreko denboraldietan bezala, abonatuek ez dute prezio gehigarririk ordaindu beharko, Ellakuriko igerilekuetarako sarbidea kiroldegiko urteko abonuan sartuta dago-eta.
ABONUAK ETA TARIFAK
Urteko abonurik ez duten eta udan instalazioak erabili nahi dituzten bizilagunek bat eskuratu ahal izango dute. 14 urtetik gorako seme-alabak dituzten familientzat kuota 40,75 eurokoa izango da. Eta 18 urtetik gorakoentzat 30,35 eurokoa izango da ordaindu beharreko prezioa. 14 eta 17 urte bitarteko gazteek 20 euroko kuota ordaindu beharko dute, eta 5 eta 13 urte bitarteko txikiek 11,90 eurokoa. 5 urtetik beherakoek sarrera doan izango dute.
Eguneko sarrerak ere erosi ahal izango dira. Astelehenetik ostiralera 1,10 eta 3,25 euro bitarteko prezioa izango dute. Jaiegunetan ordaindu beharreko zenbatekoa 1,7 euro eta 4,3 euro artekoa izango da. Prezioa bat edo beste izango da erabiltzaileen adinaren arabera. Eguneko sarreren kasuan ere, 5 urtetik beherakoak doan sartu ahal izango dira. Laudion erroldatuta ez daudenei % 25eko errekargua aplikatuko zaie tarifa ofizialen gainean.
Ellakuriko igerileku estali gabeetako denboraldiko paseen tarifak hilero hainbanatuko dira, baldin eta alta igerilekuak funtzionatzen ari diren bigarren edo hirugarren hilabetean hartzen bada. Kirol-instalazioetako lehenbiziko abonatutxartela doakoa da.