Programa horien artean, basogintza-sektore jasangarriaren aldeko apustua egiten duen eta, gainera, gure basoetako tokiko egurraren ezagutzan, ikerketan eta zabalkundean aurrera egiten jarraitzeko ekimenak biltzen dituen Euskobasoa 2050 dago.
Programaren parte gisa, Laudioko Udalak Iñarrondo mendiko hektarea bat utzi dio Neiker erakundeari, radiata pinuaren eta beste baso-espezie batzuen hobekuntza genetikoa koordinatzeko, enbriogenesi somatikoa izeneko teknikaren bidez. Goi mailako banakoen hedapen masiboa ahalbidetzen duen tresna da, hau da, alderdi jakin batzuetan nabarmentzen diren banakoetatik abiatuta informazio genetikoa lortzeko eta modu klonikoan erreplikatzeko aukera ematen du. Neiker nazioarteko erreferentea da Pinus spp-ren enbriogenesi somatikoko teknikak garatzen eta optimizatzen. “Hau da Euskadin dagoen mota horretako bigarren plantazioa”, adierazi du Joseba Amondo Alkateordeak.
Joan den maiatzaren 30ean, Nekazal Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeak bisita bat antolatu zuen plantaziora, hura ezagutzera emateko eta entsegua zertan datzan azaltzeko. Hainbat erakundetako 27 pertsona bertaratu ziren, besteak beste, Arabako eta Bizkaiko Foru Aldundietakoak, basozainen
elkarteko ordezkariak, Hazi fundazioko kideak, sektoreko enpresak eta basoen jabeak. Bisita Multiforever proiektuaren barruan zegoen. Proiektu horren helburua barietate baliotsuetako baliabide genetikoak ziurtatzea eta hazien erabilgarritasunarekiko mendekotasuna murriztea da, eta, aldi berean, hobetzeko programetan genotiporik onenak masifikatzea, betiere biodibertsitateari eutsiz.