Laudio Udalak duela hilabete batzuk hasi zuen Laudio 2030 Hiri Agenda egiteko prozesua, Europako funtsen laguntza duen proiektua. Udalerriaren etorkizuneko garapenaren oinarriak definitu nahi dituen prozesu bat da, Hiri Agendetako metodologia komuna erabiliz, epe ertain eta luzeko erronkei buruz hausnartzea bilatzen duena.
Proiektuaren lehen pausuak eman ondoren, non beste Hiri Agendak aztertu diren eta udalerriari eta hainbat adierazle sozio-ekonomikori buruzko diagnostikoa egin den, orain herritarren parte-hartzea lortu nahi da, Laudiok datozen urteetan izango dituen lehentasunak zehazteko.
Datozen asteetan martxan jarriko diren metodologien bidez parte hartuko dute herritarrek proiektuan, eta datorren ostegunean, ekainaren 16an, Laudioko
herritarrei eta talde eta elkarteei irekitako lehen lan-tailer bat egingo da. Tailerra 18:00etan izango da Kultur Etxeko Arraño aretoan eta bertan hainbat arlotako ideiak eztabaidatu eta partekatuko dira, hala nola ekonomia suspertzea, trantsizio energetikoa, kulturaren garapena, mugikortasun politikak, berrikuntza, erronka demografikoa edo gazteen beharrak, besteak beste.
Tailer hau kudeatu ahal izateko, parte hartu nahi duten pertsonek izena ematea eskatzen da, hirigintza@laudio.eus helbidera mezu bat bidaliz edo 944034870 telefonora deituz.
“Udaletik gure bizilagunak animatu nahi ditugu Laudiorentzat hain garrantzitsua den prozesu honetan parte har dezaten. Aukera paregabea da udalerri eta gizarte gisa zer izan nahi dugun adosteko”, Ander Añibarro alkateak adierazi du.