Datorren ikasturtean, 2022-2023an, Laudioko Udalak eta Elhuyarrek Bizilabe Laudio aisialdi-eskaintza jarraitua gazte laudioarren aukeran jarriko dute.
Herriko gaztetxoek (2011-2012an jaiotakoek) zientziarekiko eta teknologiarekiko interesa eta motibazioa, ekintzailetza eta sormena landuko dituzte han. Horretarako, astero bildu, eta esperimentuak eta proiektuak egingo dituzte, STEAM (Science, Technology, Engineering, Art and Mathematics) arloetako profesionalekin batera eta hezitzaileen laguntzarekin, gaitasunak landu eta garatzeko. Bestalde, eskualdeko industria-sektorea sustatzeko eta teknologiaren eta teknikaren alorrean kualifikazio handiko profesionalak sortzeko apustua ere egiten du proiektuak. Elhuyarrek 2011tik martxan duen gazteentzako ikerketa-zentroen sarea da Bizilabe. Bilbon (Deusto eta Otxarkoaga), Nerbioi-Ibaizabaleko herrietan, Tolosaldean (Tolosa eta Zizurkil) eta Debabarreneko herrietan (Elgoibar eta Soraluze) du orain eskaintza, eta, esan bezala, 2022-2023 ikasturtean Laudiora iritsiko da. Bizilabe zentro berria Ugarte kaleko Gaztelekuan egongo da.
Eskaintzaren xehetasunak:
- Zer: Bizilaberen Izan ikertzaile eta asmatzaile ikasturteko programa
- Non: Laudioko Gaztelekuan (Ugarte kalea, 4).
- Noiz: urrian hasita, asteazkenetan
- Ordutegia: 16:30-18:00
- Adina: LH5-6 (2021-2012an jaiotakoak)
- Prezioa: 30 € / hiruhileko
Izen-ematea
Izena emateko epea uztailaren 4tik irailaren 19ra arte egongo da zabalik. Udaletxean bertan eman daiteke izena. Guztira, 15 plaza eskainiko dira. Eskabideek eskainitako plaza kopurua gainditzen badute, zozketa egingo da.