Uda honetan Laudioko gazteek planak izango dituzte ostiral arratsaldeetan. Izan ere, Udaleko Gazteria Sailak hainbat jarduera programatu ditu datorren ekainaren 24tik urriaren 28ra bitartean herriko hainbat gunetan. “Kalekostiralak” izeneko programaren helburua udalerriko gazteei hainbat arte-diziplina hurbiltzea da, antzerkia, dantza, zirkua edo musika, besteak beste. Udarako aisialdiko kultur alternatibak eskaintzeaz eta girotzeaz gain” zehaztu du Julian Larisgoitia Udaleko Gazteria zinegotziak.
Datorren ekainaren 24an hasiko da Udabizia, Cia Leamôk konpainia valentziarraren eta bere “Lázaro” hip-hop ikuskizunaren eskutik. Uztaileko lehen ostiralean, hilak 1, Hortzmuga antzerki taldea izango da Laudion, “Al fin del camino” lanarekin. Eta hilaren 8an zirkua Ramiro konpainiaren “White Bottom” ikuskizunarekin iritsiko da herrira.
Uztailaren 15ean eta 22an, ostiraletan, Kukai Dantza eta Ganso & Cia konpainiek bisitatuko dute Arabako bigarren herria, euren dantza eta clown ikuskizunak gerturatzeko, hurrenez hurren. Programa irailaren 9an itzuliko da, Julen Burgos laudioarraren kontzertuarekin. Rockein sariketak euskarazko proiekturik onena izendatu zuen 2021ean. Udako azken emanaldia hilaren 16an izango da. Teatro Indigesto Zaragoza konpainiak “Secuestrados” obra aurkeztuko du.
Programak urriaren 14an eta 28an jarraituko du. Cia Ertza Euskadi dantza akrobatikoko konpainiak “Meeting point” aurkeztuko du, eta Cia Barsanti Euskadi antzerki konpainiak “Akabo” lana.
Emanaldi guztiak ostiralez egingo dira, 20:30etik 21:30era, Lamuza plazan. Euria bada, ikuskizunak Aldai plazara aldatuko dira.