Datorren asteburuan Laudioko San Joan baseliza protagonista bihurtuko da beste behin ere, San Joan jai klasikoak eta tradizionalak datozelako. Oraingo honetan, eta pandemiaren ondoriozko bi urteko etenaldiaren ondoren, Joan Deunaren Jaien Komisioak, ekitaldiak urtero antolatzen dituen kolektiboak, bere programazioa egun bakar batean, ekainaren 23an, San Juan bezperan, zentratzea erabaki du. Ostegunean umeentzako jolasak izango dira (18:30ean) Kirikiño Aisialdi Taldearen eskutik, Galtzagorri K.E buruhandiak egongo dira (19:00etan), eta hainbeste itxarondako sua piztuko da (22:00etan). Ordu erdi geroago Erruki erromeriaren txanda izango da.
Aipatutako ekitaldiez gain, Laudioko San Joan ermitak meza abestua eta Andere Abesbatzaren kontzertua hartuko ditu ostiral honetan, ekainak 24, 12:00etan. C.D Herrikirolak Lauzaldik antolatutako Euskadiko XII. Zaldi-proben Txapelketa ere ostiralean izango da, baina 21:00etan San Roke probalekuan. Ekitaldiekin jarraitzeko, San Roke Musika Elkarteak kalejira egingo du larunbatean, hilak 25, 13:00etan. Eta 09:00etatik 20:00etara bitartean Bolatoki Ruperto Urquijo Kirol Elkarteak antolatzen duen Bolo Sari Nagusia jokatuko da San Joan bolatokian.
Laudioko San Joan jaiak igandean, hilak 26, amaituko dira, 10:00etan, kalejira batekin, Ekin Joleak taldearen eskutik, eta Itxarkundia Dantza Taldearen (12:00etan San Joan zelaian), Santa Luzia Koralaren (13:00etan San Joan ermitan) eta San Roke Musika Elkartearen (20:00etan Aldai plazan) kontzertuekin. Meza abestua ere izango da 13:00etan San Joan ermitan. Eta 18:00etan C.D Herrikirolak Lauzaldik antolatzen duen Euskadiko XII. Zaldi-proben Txapelketaren bigarren emanaldia izango da. Larunbatean bezala, San Roke probalekuan egingo da.
Programatutako ekitaldi guztiek Laudioko Udalaren laguntza dute.