“Bazen Garaia”, Sanrokeak 2022ko kartel irabazlea

Erabiltzailearen aurpegia Laudioko Udala 2022ko eka. 22a, 14:39

Sari banaketaren unea. / Laudioko Udala

Udiarraga Ibarretxe laudioarraren lana izan da bozkatuena, eta lau lan finalisten arteko botoen % 49,45a bereganatu du.

Laudioko Sanrokeek badute kartela. Udalak dagoeneko hartu du urtez urte herritarrak eta bisitariak harritzea eta gonbidatzea helburu duen Kartel Lehiaketa tradizionalari buruzko ebazpena. Eta, oraingo honetan, Sanrokeak 2022 irudikatzeko aukeratu den irudia “Bazen Garaia” da. Udiarraga Ibarretxe laudioarraren lana izan da bozkatuena, lau lan finalisten arteko botoen % 49,45a bereganatu baitu. Zenbakietara itzulita, herri prozesuan 455 pertsonak eman dute botoa eta lan irabazleak 225 boto jaso ditu.

Umeen lehiaketari dagokionez, jai egitarauaren kontrazalean egongo den irudia Mireia Pan-en “Jaiak Zoriontsuak” izango da. Aurkeztutako 18 lanen artean, 10 urteko laudioarraren lanak botoen %22a eskuratu du. Eta datu hori kontuan hartzekoa da, izan ere, aurten umeen lehiaketan 541 pertsonak eman dute botoa, 2019ko azken edizioan baino %52 gehiagok.

“Espero dugu bi kartelak laudioar guztien gustukoak izatea, eta baita jai egitaraua ere. Une honetan 2022ko Sanrokeen xehetasunak amaitzen ari gara”, aurreratu du Maite Cortazar Kultura eta Jaietako zinegotziak.

Kontzertuak egingo diren lekuak

Bestalde, Laudioko Udalak zehaztu du kontzertuak non egingo diren. Horrela, Herriko Plazak Mocedades, Doctor Deseo, Chica Sobresalto, Despistaos eta Orquesta Fórmula taldeen musika-hitzorduak hartuko ditu. Amak, Mariachis Zacatecas, Los Chimberos, Puro Relajo eta Korrontzi taldeen kontzertuak Alberto Aceron izango dira.

Bestalde, eta espero den jendetza eta La Pegatina eta La Oreja de Van Gogh bezalako taldeek behar duten agertokiaren tamaina dela eta, –24 metroko eszena- ahoa–, Udalak kontzertu horiek Hiru Gurutzetako aparkalekura eramatea erabaki du, betiere hainbat aukera aztertu ondoren. “Beste espazio batzuk aztertzen ari gara, baina hau da ebakuaziorako seguruena, eta baldintza guztiak betetzen ditu, erdigunetik oso urrun egon gabe”, adierazi du zinegotziak.

Sanrokeak 2022ko antzerki emanaldiak, jolasak eta umeentzako emanaldiak Lamuza Parkeko pergolan egingo dira. Txosnagunea Aldai plazan egongo da, eta barrakak, berriz, suhiltzaileen parkearen ondoko berdegunean.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide