Aurten ere, Laudioko Udalak bere balkoia ostadarraren banderarekin apainduko du, ekainaren 28an mundu osoan ospatzen den LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunarekin bat egiteko. Joan den maiatzaren 17an Homofobia, Lesbofobia, Transfobia, Bifobia eta Intersexfobiaren aurkako Nazioarteko Egunean ere egin zuen bezala, Udalak bere helburua eta nahia adierazi du Laudio errespetua nagusi den, eta aurreiritzirik gabeko benetako berdintasun normalizatua duen diskriminaziorik eta indarkeriarik gabeko udalerri gisa finkatzeko. “Berriro diogu guztiz gaitzesten dugula sexu-joerarengatik edo genero-identitateagatik LGTBIQ+ komunitatearen kontra gerta daitekeen bereizkeria-jarreraren edo -portaeraren ondoriozko edozein eskubide urraketa”, adierazi du Loli Muriel Emakume eta Berdintasun Zerbitzuko zinegotziak.
Laudioko herritarren aurrean aniztasun afektibo-sexualarekin eta genero-aniztasunarekin bizitzeko eskubidea aldarrikatzeko, Udaleko Emakume eta Berdintasun Zerbitzuak “Edusex-22 Laudio” programa diseinatu du uztailaren 1erako eta 2rako.
JARDUERAK
UZTAILAK 1
• 18:30 – 19:15 TRANSEXUALITATEA ETA FAMILIAK (Kasinoko terraza) Hitzaldi horretan Aitzole Araneta emakume transexual aktibista eta sexologoak, transexualitatearen gako sexologikoak eskainiko ditu.
• 19:15 – 20:00 Mahai-ingurua Ainhoa Núñez Naizen elkarteko amak, Aitzolerekin eta ikus-entzuleekin hitz egingo du haur transexualen errealitateaz eta haien gurasoen onarpen-prozesuaz. Solasaldia Mikel Oribe sexologoak bideratuko du.
• 20:30 – 21:30 KALE ANTZOKIA Lamuza plazan.
UZTAILAK 2
• 18:30 – 20:00 SEXUALITATEA ETA GOZAMENA. (Kasinoko terraza) Topaketa horretan gure sexualitatea zelan esnatzen den eta zer plazer lor ditzakegun aztertuko da. Norma Ageitos eta Mikel Oribe sexologoek dinamizatuko dute solasaldia.
• 20:15 – 21:30 LAS FELLINI – Show “trastornista” (Kasinoko terraza) Edukiera mugatua, hitzaldiko parte-hartzaileek izango dute lehentasuna.
BERDINDU MANIFESTUA
Udal Administrazioak ere bat egin du LGTBI kolektiboari informazioa, aholkularitza eta laguntza emateko Eusko Jaurlaritzako Berdindu zerbitzuak egindako adierazpenarekin. “Guztiongan eragina duen prozesu honetan parte hartzera gonbidatzen dugu euskal gizartea, kolektiboarentzat garrantzitsua den egun hau ospatzera. Borroka honek gizarte anitza osatzen dugun guztiongan du eragina”, amaitu du zinegotziak.