Joan den martxoan, Laudioko Udalak Hiriko eta Gertuko Ekonomia Kontseiluaren Funtzionamenduari buruzko Araudi berria onartu zuen osoko bilkuran, merkataritza-, ostalaritza- eta zerbitzu-sektoreak, tokiko ekoizleez gain, euren garapenarekin lotutako gai zehatzei buruz eztabaidatzeko eta parte hartzeko lan-espazioa izan dezaten. Orain, Laudioko Udalak hiriko ekonomiarekin lotutako hamaika negozio-ordezkari izan nahi ditu, haien egoera bultzatzeko eta hobetzeko jarduerak eta programak zehazteko.
Kontseilu horretan parte hartu nahi dutenek bihar, asteartean, uztailaren 5ean, hasi eta uztailaren 31ra arte eman ahal izango dute izena. Horretarako, eskaeren eredu orokorra bete beharko dute Herritarren Arretarako Zerbitzuan edo egoitza elektronikoaren bidez (www.laudio.eus), parte hartzea eskatuz eta ordezkatzen duten negozioa adieraziz.
Kontseiluan parte hartzeko, negozioen ordezkariek lokal bat izan beharko dute zabalik Laudion, edo, establezimendu fisiko iraunkorrik gabeko negozioa bada, gure udalerrian Kontseiluaren xedearekin erlazionatutako zerbitzuak eskaintzen dituztela frogatu beharko dute. Gainera, adinez nagusiak izan beharko dute. Tokiko ekoizleen ordezkarien kasuan, Laudioko udalerrian nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategi bat izan beharko dute, eta euren produktuak udalerrian saldu beharko dituzte.
“Hiriko eta gertuko ekonomia, txikizkako merkataritzaren, ostalaritzaren eta zerbitzuen sektoreen batura gisa ulertuta, gure udalerriaren garapen sozioekonomikoaren eragile nagusietakoa da. Merkataritza, ostalaritza, zerbitzu eta tokiko ekoizleen eskaintza izatea funtsezkoa da, Laudio inguruneko udalerrientzako erreferente izateaz gain, gizarte-bizitza dinamizatzeko, kaleei bizia emateko, espazio publikoa hobetzeko eta enplegua sortzeko, beste onura askoren artean”, zehaztu du Andoni Orue Ekonomiaren Garapen, Merkataritza eta Enplegu Zerbitzuko zinegotziak.
Egitekoak
Laudion garapen ekonomikoa sustatzeko helburu orokorraren barruan, Araudi honen xedea, sektore horien berezko alderdietan, udalaren jarduketarako edo lankidetza publiko-pribaturako proposamenak jasotzea, sustatzea, aztertzea eta egitea da.
Hala, besteak beste, Hiriko eta Gertuko ekonomia Kontseiluak eginkizun hauek izango ditu:
- Hiriko eta gertuko ekonomiaren garapenarekin erlazionatutako pertsonen, erakundeen eta eragileen parte-hartze zuzena sustatzea.
- Sektore horretara zuzentzen diren programei eta jarduketei buruzko proposamenak egitea eta Udalarekin lankidetzan aritzea horiek martxan jartzeko prozesuan.
- Udalerriko hiriko eta gertuko ekonomiaren garapenean esku hartzen duten eragileen arteko koordinazioa sustatzea.
- Azterlanak, txostenak eta jarduketak egitea sustatzea.
Oro har, udalerriaren hiriko eta gertuko ekonomiarako estrategia integralaren definizioan, egikaritzean eta jarraipenean parte hartzea. Merkataritza, ostalaritza, zerbitzu eta tokiko ekoizleen sektoreetako hamaika ordezkariez gain, Osoko Bilkura osatzen duten talde politikoetako ordezkariak ere kontseiluko kide izango dira, eta baita APILL ere, merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sektoreak biltzen dituen elkarte nagusia baita. Hiriko Ekonomia
Kontseiluaren funtzionamendu-oinarriak udalaren webgunean daude eskuragarri, interesa duen edonork kontsulta ditzan.