Laudioko Udalak ia dena du prest 2022ko Sanrokeetarako. Eta aurten ere ez da Baserritar Eguna faltako abuztuaren 26an, 09:30etik 14:30era. Horretarako, Udalak interesdunen eskura jarri ditu postuak emateko oinarriak. Oraingo honetan, lehen sektorea eta, bereziki, karbono-aztarna murrizteko 0KM produktuak –GJHen 2030en jarduketa-ildoetako bat– sustatu nahi dituen merkatua Herriko Plazan eta Aldai Plazan egingo da.
Azokaren edizio berri honetan 120 postu egongo dira, bertako produktuak eta artisautza erakusteko. Beste sei, hornigintza edo saskigintza bezalako diziplinetarako erreserbatuko dira. Parte hartu nahi duten ekoizleek uztailaren 15era arte aurkeztu ahal izango dute eskabidea, egun hori barne, Udaletxeko HAZn, udal egoitza elektronikoan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legean zehaztutako moduan. Halaber, inprimakian, salduko diren produktuen zerrenda adierazi beharko da.