Gardeako Santa Kruz baseliza inguruan egindako indusketa-lanek monumentuaren data berretsi dute

Erabiltzailearen aurpegia Laudioko Udala 2022ko abu. 2a, 10:55

Egindako ikerketaren ondoren, arkeologo taldeak ondorioztatu du 1.500 urtean Gardeagotxi inguruan Gurutze Santuari eskainitako tenplu berri bat sortu zela. Era berean, horren inguruan etxerik edo herrixkarik egon izanaren aztarnarik ez dagoela berretsi da.

Joan den uztailean, Gardeako Santa Kruz baselizaren inguruan indusketa arkeologikoa egiteko proiektua jarri zuen abian Udalak, Laudioko ondare historikoari balioa emateko eta ikusarazteko. Bada, arkeologo eta boluntario taldeak lanak amaitu ditu eta monumentua datatzeko balio izan duen txanpon bat aurkitu du.

Udalerriko eraikin erlijioso zaharrenetako batean egindako esku-hartzean, arkeologo-taldeak zundaketak, indusketa-lanak, erregistro grafikoa eta fotografikoa, planimetriak eta materialen inbentarioa egin ditu.

Zundaketak eraikinaren ondoko terrazetan egin ziren, haranetik gora dagoen eta Gardeagotxi izenez ezagutzen den eremuan asentamenduren bat egon zen ala ez egiaztatzeko. Hala ere, egindako bost azterlanek ez dute inguru horretan herrixka bat zegoela adieraz zezakeen material edo hondar organikorik aurkitu.

Indusketa lanak baselizaren barruan egin ziren, presbiterioan, hain zuzen ere. Lan horiekin, arkeologo-taldeak 964. urteko dokumentu batekin zerikusia izan zezaketen egiturazko elementuak eta materialak aurkitu ahal izatea espero zuen. Dokumentu horretan Gardean San Biktorri eta Santiagori eskainitako tenplu bat zegoela aipatzen da. Baina, azkenean, lanek ezin izan dute baieztatu eliza zaharra gaur egun Santa Kruz baseliza dagoen lekuan zegoenik.

500 urteko txanpona

Presbiterioan egindako indusketak ere gaur egun desagertuta dagoen aldarearen inguruan egin ziren, eta zimendatze-zangan txanpon bat agertu zen ustekabean. “Oso aurkikuntza baliotsua izan da. Ez bere balio materialarengatik, baizik eta bere kronologiak duen garrantziagatik; izan ere, azterketa serio baten faltan, Gaztelako Enrique IV. erregearen erregealdian sortu zen. XV. mendearen amaieratik zirkulazioan zegoen txanpona da, eta ziur asko Errege Katolikoetaraino jarraitu zuen, horiek ez baitzuten txanponik egin euren erregealdiaren lehen urteetan, euren aurrekoen txanpon-ugaritasuna zela eta. Beraz, garrantzi handiko erreferentzia kronologikoa ematen digu”, aurreratu du Juanjo Hidalgo arkeologoak.

Egindako ikerketaren ondoren, arkeologo taldeak ondorioztatu du 1.500 urtearen inguruan, Gardeagotxin, Gurutze Santuari eskainitako tenplu berri bat sortu zela, hau da, aurretik ez zegoela besterik. “Ez dugu ikusi tenplu horren inguruan etxerik edo herrixkarik izan denik. Bagenekien baseliza egurrezko egiturarekin eraiki zela, garai hartako lehen baserrien antzera, oinarritik teilaturainoko oin zuzen autosostengatzaileen bitartez, tiranteen eta egurrezko kaxa eta zirien mihiztaduraren bitartez lotuta. Baina, gainera, presbiterioan ezkutatuta, zoru naturalean ahokatutako zurezko egitura bat zegoen sekzio txikiagoko beste habe batzuek gurutzatutako hiru habe nagusikoa. Oholesi baten oinarria osatzen zuten, feligresia zegoen nabea baino sakratuagoa zen leku horri goratasun handiagoa emanez. Egitura mota hori dokumentatzen den lehen aldia da. Ez du bataiarririk, ezta nekropolirik ere. Ermita gisa baino ez zen sortu”, ondorioztatu du adituak.

“Lan horri esker, tokiaren garrantzia indartzeaz gain, gure udalerriko bizimoduari buruzko ezagutza galtzea saihestuko dugu. Udaletik udal ondarea berreskuratzeko eta ahalik eta ondoen mantentzeko bidean jarraituko dugu”, hitzeman du Ander Añibarro alkateak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide