2020ko maiatzean, pandemia bete-betean, Laudioko Udaleko osoko bilkurak Aldeaquemadarekin senidetzea onartu zuen, bi herrien arteko harreman- eta adiskidetasun-loturak sendotzeko eta elkar hobeto ezagutzean, elkar ulertzean, esperientziak trukatzean eta elkarlanean oinarritutako lankidetza gauzatzeko. Baina koronabirusaren krisiak anaitasuna sendotzeko planak zapuztu zituen. Bertako Andaluziako zentroak, “Nuestra Señora del Rocío” Laudioko Andaluziako etxeak, bere 50. Urteurrena zela eta programatu zituen ekitaldiak barne.
Orain, Covid19aren pandemiatik bi urtera, Udalak Jaen Iparraldeko herri txikiarekin senidetzea zigilatuko du abuztuaren 27an, 13:00etan, udaleko osoko bilkuren aretoan. Sanrokeetan egingo den ekitaldiak Herriko Plazan jarraituko du Itxarkundia Dantza Taldearen dantzekin eta Laudioko Andaluziako Etxeak eskainitako sevillanekin. Ekitaldia Arloteek itxiko dute 13:30ean kontzertu batekin.
Aldeaquemadak tokitxoa du Laudion
Aldeaquemada Jaen Iparraldeko herri txikia da, Sierra Morena erdi-erdian, eta bostehun biztanle inguru ditu. Herritxo horrek bere lekua lortu du Laudioarren artean.
XX. mendearen bigarren erdian, Laudioko udalerriak, hedapen eta hazkunde betean zeuden beste hainbat udalerrik bezala hainbat migratzaile jaso zituen. Migratzaile horiek gure udalerria aukeratu zuten euren etxeak eta familiak sortzeko, eta herriaren historiaren parte bilakatu dira. Migratzaileen jatorrizko udalerri horien artean Aldeaquemada dago. Urteekin Laudioko udalerriarekin loturak sendotuz joan da, senidetzea gauzatu den arte.
Horrela, datorren abuztuaren 27an, Laudiok eta Aldeaquemadak, azkenik, euren senidetzea zigilatuko dute eta bertako zentro andaluziarraren mende erdia ospatuko dute.