Datorren ikasturtean, 2022-2023an, Laudioko gazteek, Laudioko Udalak eta Elhuyarrek bultzatutako Bizilabe Laudio aisialdi eskaintza jarraitua izango dute eskura Gaztelekuan (Ugarte, 4). Orain arte, programak 9 parte-hartzaile ditu, eta ekimenak gehienez ere 15 plaza onartzen ditu. Parte hartu nahi dutenek irailaren 19ra arte eman ahal izango dute izena udaletxeko HAZen, edo modu elektronikoan, udalaren webgunearen bitartez. Eskabideek eskainitako plaza-kopurua gainditzen badute, zozketa egingo da.
Dinamika 2011 eta 2012 artean jaiotakoei dago zuzenduta. Bizilabe programarekin bat egiten duten ikasleak zientziarekin eta teknologiarekin harremanetan jarriko dira. Izan ere, dinamikaren erronka nagusietakoa zientziarekiko interesa eta motibazioa bultzatzea da, bai eta ekintzailetza eta izpiritu sortzailea ere. Horretarako, gazteak astero bilduko dira eta esperimentuak eta proiektuak egingo dituzte STEAM (Science, Technology, Engineering, Art and Mathematics) arloetako profesionalekin elkarlanean eta hezitzaileen laguntzarekin, aipatutako gaitasunak bultzatzeko eta garatzeko. Programak 30 euroko kostua izango du eta urriaren 5ean hasiko da. Saioak asteazkenetan izango dira, 16:30etik 18:00etara.
“Nerabezaroa garai erabakigarria da gazteentzat, eta Bizilabek eragin positiboa izan nahi du, ahalduntzeko eta gaitasunak garatzeko aukerak eskainiz, gazte direnean zientziarekiko eta teknologiarekiko gogoa piztuz”, ondorioztatu du Julián Larisgoitia Hezkuntzako zinegotziak.
Bizilabe estreinatuko da Laudion
Proiektuak eskualdeko industria-sektorea sustatzearen eta kualifikazio teknologiko eta tekniko handiko profesionalak sortzearen aldeko apustua ere egiten du. Bizilabe, Elhuyarrek 2011n abian jarri zuen gazteentzako ikerketa-zentroen sarea da. Orain arte, Bilbon (Deustu eta Otxarkoaga), Nerbioi-Ibaizabaleko herrietan, Tolosaldean (Tolosa eta Zizurkil) eta Debabarrenan (Elgoibar eta Soraluze) egiten zen eskaintza, baina 2022-2023 ikasturte honetan Laudiora ere iritsiko da.