Udalak eta herritarrek elkarrekin erabakiko dituzte 2023ko inbertsioak

Erabiltzailearen aurpegia Laudioko Udala 2022ko ira. 6a, 07:00

Laudioarrek irailaren 15era arteko epea dute euren proposamenak herri-bozketaren bidez egiteko, udalerriko Udaleko Aurrekontu Parte-hartzaileen prozesuaren azken fasearen barruan.

Laudioko Udalak 2023ko Aurrekontu Parte-hartzaileen prozesuaren azken faseari ekingo dio herri-bozketarekin, eta laudioarrek irailaren 15era arte aurkeztu ahal izango dituzte euren proposamenak. Laugarren urtez jarraian, toki-administrazioak udalerriaren etorkizunerako garrantzitsuentzat jotzen dituen proiektuei buruz galdetu die herritarrei. Prozesu horretara 300.000 euroko partida bideratu du 2023ra begira.

Lehentasunen inkestaren, proposamenen aurkezpenaren eta azterketa teknikoaren lehen faseen ondoren, prozesua jasotako proposamenen herri-bozketarekin amaituko da. “Aurrekontu parte-hartzaileak dira gure bizilagunek udalerriaren etorkizunari buruz erabakitzeko duten tresna nagusietakoa. Horregatik, funtsezkoa da haien proposamenak entzutea, aztertzea eta gauzatzea”, adierazi du Ander Añibarro Laudioko alkateak.

Añibarrok parte hartzeko deia egin eta horren garrantzia nabarmendu du. “Aurreko urteetako Aurrekontu Parte-hartzaileei esker, herritarren proposamenak gauzatu dira, kiroldegiko kantxa berritzea, rokodromoa eta pumptrack-a instalatzea, San Juanen merenderoa instalatzea edo Lamuzan haur-parke berria eraikitzea, besteak beste”, gogorarazi du alkateak.

Hartu parte modu errazean

Aurtengo prozesuaren berrikuntza nagusietakoa den inkestak 4 inbertsio-proiektu nabarmentzeko aukera emango dio herritar bakoitzari: 40.000 euro baino gutxiagoko 2 inbertsio-proiektu eta kopuru handiagoko 2 inbertsio-proiektu.

Bozketa Udalak abian jarritako partaidetzarako atari berriaren bidez egingo da (www.laudio.governalia.es), edo aurrez aurre udaletxeko beheko solairuan. Udalaren webgunetik ere sar daiteke atari horretara.

Herri-bozketa amaitu eta gero, 2023rako udal-aurrekontu proiektuan sartu beharreko ekimenak erabakiko dira, eta Osoko Bilkurak urtea amaitu baino lehen onartu beharko ditu.

Bozkatu daitezkeen proiektuak

Proiektuen artean, hainbat arlotako inbertsioak daude, horien artean mugikortasuna, irisgarritasuna, espazioen berroneratzea, kirol-azpiegiturak sortzea eta hobetzea, eta abar.

Zehazki, proiektu hauek hautatu ahal izango dira:

40.000 eurotik beherako kostua duten proiektuak:
  • Zumalakarregi 35eko aparkalekua aparkaldi mugatuko doako aparkaleku bihurtzea.
  • Udalaren Irisgarritasun Plan berria idaztea (arkitektura-oztopoak kentzeko plangintza, etab.).
  • Txakurrek jolasteko gunea instalatzea Lamuza Parkean.
  • Zinemometro-radarra instalatzea Aretan.
  • Txakur-gorotzen garbiketari buruzko sentsibilizazio-kanpaina abian jartzea.
  • Eskolarako bide seguruak egokitzea Lamuza eta La Milagrosa ikastetxeetara.
  • Urtean zeharreko adinekoentzako dantza-programa berreskuratzea.
  • Udal-instalazioetan wifi sareak instalatzea.
  • Lamuza kalean (Kiroldegirako igoera) horma-irudia gauzatzea.
  • Bizikleta elektrikoak maileguan uzteko puntuak instalatzeko azterlana egitea.
40.000 eurotik gorako kostua duten proiektuak:
  • Espaloiak zabaltzea Apaloeta-Arantzarren.
  • Ellakuriko argiztapena berritzea, LED fokuekin.
  • Noranzko bakarra ezartzea eta aparkaleku berriak sortzea Sagasti-El Manzanalen.
  • Erabilera anitzeko kirol-kantxa instalatzea Aretan.
  • Skatepark-a berritzea.
  • Haur-parkeak berritzeko urteko plana egitea.
  • Argiteria publikoa LED argiteriarantz berritzeko urteko plana egitea.
  • Erabilera anitzeko kirol-kantxa instalatzea Lamuza parkean.
  • Ellakuriko igerilekuetako kioskoa-taberna birmoldatzea.
  • Ellakuri-Isasi-El Manzanaleko sarbideko bideak hobetzea.
  • Ardantzazar kalean baranda, ezponda, argiztapena eta asfaltoa konpontzea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide