Laudioko Udalak Jaengo Aldeaquemada udalerri senidetua bisitatzeko autobusa antolatu du. Joan den abuztuan, Andaluziako herri horretako ordezkariek Laudioko San Roke jaietan hartu zuten parte, eta, irailaren amaieran, Udaleko zinegotzien ordezkaritza batek eta hala nahi duten herritar denek bisita itzuliko diete.
Laudiok Aldeaquemadan jatorria duten herritar ugari ditu, eta hortik dator Laudioko udalerriaren eta Jaengo udalerriaren arteko senidetasuna. Bisita irailaren 30erako programatuta dago eta autobusa goizeko 10:00etan irtengo da institututik. Itzulera bi egun geroago izango da, urriaren 2an, arratsaldeko 16:00etan.
Bidaiak 30 euro balio ditu, eta gaurtik, irailaren 12tik, aurrera eman daiteke izena HAZen, hilabete honen 26ra arte.