Gaur egun, politikan menderakuntza-teknikak daude (ikusezintasuna, barregarri uztea, informazioa ez ematea, erruduntzea, umiliatzea...), eta ez dute zerikusirik iritzi bat argudiatzeko edo azaltzeko gaitasunarekin, gizarte-talde jakin batzuen diskriminazio- eta desberdintasun-egoerarekin baizik. Eta, zoritxarrez, diskriminazio horiek gehien pairatzen dituztenak emakumeak dira.
Horretaz jabetuta, Laudioko Udalak gune bat eskaini nahi die udalerriko emakume politikariei, kolektibo profesional gisa udalean egunero politika egitean dituzten genero-baldintzatzaileei buruzko gogoeta egin dezaten.
Horretarako, Udaleko Emakume eta Berdintasun Zerbitzuak, Basqueskola, Euskal Emakume Alkate eta Zinegotzientzako topagune, elkarrizketa eta prestakuntza gunearekin elkarlanean, tailer bat diseinatu du irailaren 22 eta 29rako eta urriaren 6rako, 16:30etik 19:30era. “Menderakuntza eta pertsonen arteko gatazkak politikan” tailerra Maru Sarasola Anzolak emango du, taldeen eta erakundeen kudeaketan aditua.
“Tailer horretan, hainbat teknika jarriko dira ikusgai, horiek desaktibatu eta horien ondorioak murriztuko dituzten erantzunak ikasteko. Esparru politikoan emakumeen aurka funtzionatzen duten beste estrategia batzuk identifikatzen saiatuko gara, eta gure erantzunekin dinamika horiek nola desaktibatu eta nola ez elikatu bilatuko dugu”, adierazi du Loli Muriel Berdintasun zinegotziak.
Basqueskola
Basqueskola 2012an sortu zen, emakume politikariek udaletan egiten duten lan politikoan adierazitako beharrizan bati erantzuteko. Urte hauetan zehar, coaching, lidergo eta komunikazio mintegiak, tailerrak, solasaldiak eta esperientzien trukeak antolatu dira.