Laudioko Udalak jasangarritasunaren aldeko apustua handitu du

Erabiltzailearen aurpegia Laudioko Udala 2022ko ira. 21a, 21:11

Udalak bat egin du tokiko eremuan jasangarritasuna sustatzen jarraitzeko Udalsarearen akordio berriarekin. Udala sarearen kide sortzailea da Laudioko Udalak Udalsarea udalerrien euskal sareak proposatutako akordio berriarekin bat egitea sinatu du. Akordio horrek 2030 Agendaren barruan tokiko ekintza jasangarria sustatzea du helburu. Horrela, udal politika eta kudeaketa egokituz eta eraldatuz NBEk aldarrikatutako 2030 Agendaren Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) modu aktiboan betetzeko konpromisoa hartzen du Udalak.

Udalsarea, 2002ko abenduan sortu zen 16 udalerrirekin, horietako bat Laudio, udal mailan jasangarritasuna sustatzeko euskal administrazio publikoen arteko koordinazio-foro gisa. Hogei urte hauetan, sareak tokiko erakunde kideen arteko 60 topaketa egin ditu, eta bertan hainbat esparrutako ekimenak eta jardunbide onak partekatu dira, hala nola hondakinak biltzeko sistemak, soluzio naturaletan oinarritutako klima-ekintzako udal-proiektuak, elikadura-estrategiak eta sektore espezifikoetan elikagai-hondakinak murrizteko ekimenak, kutsadura akustikoaren kontra borrokatzeko neurriak, eta uraren kalitateari, ingurumen arloko osasunari, garapen jasangarrirako hezkuntzari edo genero-berdintasunari buruzko neurriak.

Gainera, toki-erakundeetako jasangarritasun-teknikariek osatutako 35 lantalde koordinatu ditu, eta horietan, besteak beste, klimaren aldeko ekintza, erosketa publiko berdea, biodibertsitatea, osasuna eta ingurumen-kalitatea aztertu dira.
Lantalde horietan sortutako ezagutza Euskadiko udalerrien eskura dauden 21 txosten monografikotan jaso da.

Akordio berri hau sinatuta, Laudioko Udalak tokiko jasangarritasunaren aldeko apustua areagotu eta 2030era begira Udalsarean modu aktiboan parte hartzen jarraitzeko konpromisoa hartu du.

“Toki-erakundeok funtsezko zeregina dugu mundu jasangarriagoa eraikitzeko, eta, zehazki, klimaren aldaketa murrizteko. Pertsonengandik hurbilen lan egiten dugun erakundeak gara, eta gure bizilagunak jarrera jasangarriagoak bilatzen inplikatzeko aldaketak aktibatzeko aukera dugu”, adierazi du Ander Añibarro Laudioko alkateak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide