Bi urteko etenaldiaren ondoren, datorren urriaren 1ean haurrentzako Sorgin Zapatuak programa arrakastatsua jarriko da berriro martxan, txikienek euskararen sorginarekin goza dezaten. Aurten saioak Lezeaga aretoan egingo dira, Laudioko Udalak emakumeen ahalduntzerako diseinatu duen espazio berrian.
Jarduera doakoa da eta guztiei irekita dago. 5 eta 12 urte bitarteko adingabeei zuzenduta dago eta 2023ko urriaren 1etik apirilaren 29ra bitarteko zapatuetan egingo da, 17:30etik 19:30era (ez da beharrezkoa aldez aurretik izena ematea).
Programa 2010ean jarri zen abian, eta tailerrak, askaria eta hainbat arte- diziplinatako ikuskizunak biltzen ditu. Programaren helburua, hainbat teknikaren bitartez txikienen artean eta eskolatik kanpo euskararen ahozko erabilera sustatzea da. Adingabeek genero-ikuspegia ere landuko dute diseinatutako jardueretan.
“Euskara izango da programan parte hartzen duten umeekin komunikatzeko hizkuntza bakarra, baina nahi duten hizkuntzan hitz egin ahal izango dute, inoiz behartu gabe”, aurreratu du Ana Díez Hizkuntza Normalkuntzako eta Nortasuneko Udal Zerbitzuko zinegotziak.
Jarduerak
- Urriaren 1ean, lehenengo saioan, udazkenarekin zer ikusia duten eskulanak egingo dira, eta fruta-brotxeta bat prestatuko da, ondoren dastatzeko. Araba taldeak eskainiko du.
- Urriaren 8an, Ane Gebara ipuin kontalariak etxeko txikienak liluratuko ditu “Oihaneko tirabirak” istorioarekin. Ondoren, zuhaitz-hostoak erabiliz horma- irudiak egiten ikasiko dute. Saio hori Kirikino taldeak eskainiko du.
- Urriaren 15ean, Eragintza elkarteak betiko jokoekin amesteko eta gozatzeko programa berezia eskainiko du.
Gainerako saioak, ikasturteko 24ak bete arte, eguna hurbildu ahala iragarriko dira.