Laudioko Udaleko Emakume eta Berdintasun Zerbitzuak adingabeen pornografiakontsumoaren prebentzioari buruzko informazioa eta prestakuntza eman nahi die Laudioko familiei, irakasleei eta interesatuta dauden gazteei, José Luis García psikologian doktore eta sexologian adituak emango duen “Guraso lotsatiak”
tailerraren bitartez. Lezeaga Aretoan izango da urriaren 14an eta 21ean, ostiraletan, 18:00etatik 20:00etara.
Kontuan izanda 16 urte bete baino lehen gazte gehienen artean pornografiaren kontsumoa ohikoa dela, itxuraz, kontsumo horren hasiera 6 eta 8 urte inguruan hasten dela, eta ez dagoela kontsumo orokortu horrek osatzen ari den burmuinean eragiten dituen arriskuei arrakastaz aurre egiteko gai izan daitekeen sexu- hezkuntza egokirik edo zientifikorik, Udaleko Emakume eta Berdintasun Zerbitzuak beharrezkotzat jotzen du bai familiei, bai irakasleei zuzendutako trebakuntza neurriak eskaintzea.
“Jardunaldi hauen bitartez, lehenengo fasean, gurasoak eta irakasleak sentsibilizatu nahi ditugu pornografiaren gehiegizko eta kontrolik gabeko kontsumoaren garrantziaz, batez ere indarkeria erakusten duen pornografiaz, eta gure gazteen osasunean, jarreretan eta harreman afektibo eta sexualetan dituen ondorio larriez”, azpimarratu du Loli Muriel, saileko zinegotziak.
“Guraso eta irakasle askok ez dakite oso ondo errealitate berri horri zelan aurre egin, eta horrek arlo horretako prestakuntza justifikatzen du. Une honetan lehentasuna duen helburua da, izan ere, azken hiru hamarkadetan Internetera sartzeko aukera orokorrarekin gizartean gertatu diren aldaketen ondorioz, helduen eta txikien bizitza, harremanak eta denbora librea aldatu egin dira. Gaur egun, gainera, Covid-19aren mugak direla eta, Interneterako sarbidea deskontrolatu egin da, eta guraso askok ez dakite zer egin osasun-arrisku berrien aurrean, hala nola sexu-erasoen, sexting-aren, sexu-jazarpenaren, sexu-abusuen edo indarkeriazko pornografiaren eraginpean egotearen aurrean. Horien kontsumoa normalizatuta dago jada adingabeen eta gazteen artean”, zehaztu du José Luis García adituak.
Parte-hartzaileetako edozeinek, tailerraren aurretik galderak egin ahal izango dizkio hizlariari. Anonimotasuna bermatuko da. Era berean, parte-hartzaileei txosten bat bidaliko zaie aldez aurretik, José Luis Garcíak arlo horretan egindako prestakuntza-baliabideei buruzko informazioarekin.