Urri honetan, Ander Añibarro buru duen gobernu taldeak jarraipena emango die agintaldiaren hasieran sortutako auzoetako zinegotzigoei. Auzoetako zinegotziek protagonismoa izango dute Laudioko gune bakoitzeko batzarretan, eta partaidetza aktiboa izango dute, biztanleria gune bakoitzaren beharrak ezagutzeko. Helburua, herritarrak arduratzen dituzten gaiei ahalik eta modu eraginkorrenean eta egokienean erantzutea da.
Aurten, batzarrak urriaren 17an hasi eta azaroaren 3ra arte luzatuko dira. Saioak 18:30ean egingo dira. Maite Cortázar Herritarrekiko Harremanetarako zinegotziak adierazi duenez, “gure auzokideen eskariak, iradokizunak edo ardurak zuzenean ezagutzeko tresna onena dira. Herritarrekin harremanak izateko urte osoan irekita dauden gainerako bideen osagai ezin hobea dira”.