Laudioko Udalak Adikzioen Prebentziorako programa berri bat hurbilduko die herriko ikastetxeetako, batxilergoko eta lanbide-heziketako bigarren hezkuntzako ikasleei. Proiektua Hazkunde enpresari esleitu zaio, 10.400,00 eurotan, eta 2022-2023 eta 2023-2024 ikasturteetan gauzatuko da, beste bi urtez luzatzeko aukerarekin.
“Halaber, prestakuntza irakasleei, hezitzaileei eta familiei dago zuzenduta. Adikzioak ikuspegi integraletik ulertzen ditugu, ikuspegi zabaletik, eta, substantziez gain, adiktibo bihur daitezkeen portaera gehiegizkoak ere barne hartzen ditu, hala nola jokoa, erosketak, sare sozialen edo teknologien erabilera; izan ere, oraindik aho batez adikziotzat onartuta egon ez arren, oro har, ordea, gehiegizko erabilera egiten duen pertsonaren funtzionamendu globalaren galera nabarmena eragiteari buruzko balorazio orokorra egin da”, adierazi du Loli Muriel Gizarte Ongizate, Emakume eta Berdintasun zinegotziak.
Laudioko Udaleko Adikzioen Prebentziorako Zerbitzua prebentzio-programak ezartzen ari da 1993an sortu zenetik. Urte horietan, bai prebentzioko tokiko planetan, bai urtero egiten diren prebentzioko eta osasuna sustatzeko ekintzen programazioan, hezkuntza-eremuak funtsezko protagonismoa izan du. Protagonismo hori hezkuntza-komunitate osoarekin egindako prebentziozko zenbait esku-hartzetan gauzatu da: udalerriko ikastetxeetako ikasleekin, irakasleekin eta guraso-elkarteekin.
Adikzioen prebentziorako 2022-2026 plana
Abuztuko osoko bilkuran Laudioko Udalak Adikzioen Prebentziorako 2022-2026 Plana onartu zuen, prebentzio-eredua Laudioko gaur egungo biztanleen errealitatera egokitzeko. Horrek, 2018az geroztik abian dagoen aurreko plana ebaluatu beharra dakar, azken urte hauetan izan dituen alde egokiak eta desegokiak eta kontsumo- eta portaera-aldaketak ezagutzeko, eta Laudioko herritarren ikuspegi komunitarioa sortzeko, ondoren Prebentzio Komunitarioan aurrera egiteko.
“Mendekotasuna sortzen duten substantzien eta portaeren kontsumoarekin erlazionatutako arazoen agerpena prebenitzea ezinbestekoa da osasun publikoan oinarritutako prebentzio-politika batean. Diziplina anitzeko esfortzua eskatzen du, zaintzatik hasi eta osasunari buruzko aholkuak eta informazioa emateraino. Izan ere, ekintza indibidualak barne hartzen ditu, ez bakarrik nazio eta nazioarte mailako erakundeen bidez, udal mailako erakundeen bidez batez ere”, gogorarazi du Loli Muriel Gizarte Ongizate, Emakume eta Berdintasun zinegotziak.