Bigarren urtez jarraian, 0 eta 6 urte bitarteko umeen estimulazio artistiko goiztiarreko landa-jaialdia hartuko du Laudiok azaroan. Aurten, Lamuza parkeko kasinoan eta hainbat ikastetxetan egingo diren hiru jarduera programatu dira.
“Artearekin izango dituzten lehen harremanetan haurrei laguntzeko jaialdia da, lengoaia artistikoak eurenganatuz eta emozioak kudeatuz haien sormen pertsonala aberasteko”, nabarmendu du Maite Cortazar Kultura zinegotziak.
Lehenengo ekitaldia datorren asteazkenean eta ostegunean, azaroaren 2an eta 3an, izango da, Paraiso konpainiaren euskarazko antzezlana. Laudio Ikastolako haurrek gozatuko duten ikuskizunak Zerupean du izena. Hurrengo jarduerak Xokolat obra hurbilduko die La Milagrosa ikastetxeko ikasleei. Saioa euskaraz izango da eta azaroaren 9an emango da.
Programaren azken ekitaldia azaroaren 23an izango da, eta zinema pluraleko eta sormenezko maratoi bat izango da: Animaziozko Minimach-a. Bartzelonako Zinema eta Haurtzaroa Jaialdiko dinamika horren bitartez, munduko hainbat lekutako sorkuntza zinematografikoak integratu nahi dira, pertzepzio bisuala hezteko eta irudimena suspertzeko.
Haziaraba in the Mapping jaialdia
Haziaraba in the Mapping jaialdiak ixten du Europa Creativa Mapping proiektua. Teatro Paraisok bultzatzen du, eta Arabako Foru Aldundiaren eta Vital Fundazioaren babesa du. Hainbat proposamenen bitartez, jaialdiak Lurraldeko Haur Txikien kultur alfabetizazioko zerbitzu publiko bat proposatu, Europako sorkuntza berritzaileak aurkezten dituen kultura garaikideko proiektu bat bultzatu, erakunde bakoitzaren kultur planei lotutako kudeaketa publiko-pribatuko lankidetza-eredu bat finkatu, eta ikus-entzule txikien eta haiekin doazen helduen jakin-mina sustatu nahi du, kultur ahalduntzerako tresna gisa.