Laudioko Udalak herriko adinekoei zuzendutako programak indartuko ditu

Erabiltzailearen aurpegia Laudioko Udala 2022ko aza. 22a, 22:28

Bizi Jardueren Orientazio Zerbitzua (BJOZ-SOAV) indartu egingo da 2023an, Laudioko adinekoentzako jarduera, programa eta proiektuekin.

Laudioko adinekoen artean osasuna, ongizatea eta bizi-kalitatea sustatzeko, Udalak Bizi Jardueren Orientazio Zerbitzua (BJOZ-SOAV) jarri zuen martxan 2020an. Programa horren bitartez, herriko adinekoek bizimodu aktibo eta osasungarriak lantzen dituzte, eta euren jarduera funtzionalaren eta kognitiboaren gainbehera konpentsatzeko estrategiak eta funtzionamendu emozional, motibatzaile eta sozialaren optimizazioa entrenatzen dituzte.

Zerbitzu hori Laudioko Udaleko gobernu-taldeak adinekoentzako jarduerak dinamizatzeko egiten duen apustu nagusietakoa da, eta herrian hazten eta sendotzen jarraituko du, Laudioko anbulatorioko fisioterapeutek bertara bideratzen dituzten ekimenen bitartez, adibidez. Gizarte zerbitzuetatik, osasun zentrotik eta orain fisioterapeutetatik bideratzeaz gain, autoderibaziorako aukera ere badago.

“Zerbitzua duela bi urte sortu zen #MugiLaudio plataformaren barruan. Plataforma Mugiment ekimeneko, Eusko Jaurlaritzako, Laudioko anbulatorioko, Osakidetzako eta Udaleko profesionalek osatzen dute. Adineko pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko lankidetzaren eta koordinazioaren adibide bikaina da”, adierazi du Ander Añibarro alkateak.

BJOZ-SOAV bakardadea pairatzen duten adinekoei dago zuzenduta, bai eta gaitasun funtzionalari eta emozionalari dagokienez beste alterazio batzuk dituztenei ere. Jarduera fisikoko, osasuneko eta esku-hartze psikosozialeko profesionalek osatutako diziplina anitzeko talde batek zuzentzen du. “Bere abiapuntua osasuna da, ikuspegi integraletik, alderdi fisikoari erreparatuz, baina norberaren ongizatearen dimentsio psikologiko eta sozialak alde batera utzi barik. Zerbitzuak ikuspegi indibiduala du, baina baita kolektiboa ere, taldeko jarduera fisikoak eginez”, azaldu du Loli Muriel Gizarte Ongizateko zinegotziak.

Fisioterapiako pazienteak anbulatoriotik BJOZ-SOAVera bideratzea ez da izango 2023an Laudioko adinekoen kolektiboaren arretan eta dinamizazioan egongo den berrikuntza bakarra. Adinekoen Sant Rokezar gune berritua estreinatzeaz gain, urtean zehar, kolektibo horri lehentasunez zuzendutako gizarte, kultura eta kirol ekimen berriak martxan jartzeko egingo da lan. Esaterako, adinekoen osasun integrala sustatzeko ibilaldiak eta jardunaldiak. Laudioko Udalak aurrerago emango du horren berri, martxan daudenean.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide