Gabonen magia asteburu honetan helduko da Laudiora

Erabiltzailearen aurpegia Laudioko Udala 2022ko abe. 24a, 23:00

Astelehenean helduko da une nagusietako bat, Gabonetako azokaren lehen edizioarekin.

Gabonak iritsi dira Laudiora. Bihar, 18:00etatik aurrera, Mari Domingik eta Olentzerok herriko kaleak bisitatuko dituzte, Laudioko haurrak agurtzeko, gaua heldu eta opariak banatzen hasi aurretik. Etxeko txikienentzako unerik berezienetako bat izango den arren, astelehenean iritsiko da une nagusietako bat, Gabonetako azokaren lehen edizioarekin. Alberto Acero plaza izango da Gabonetako azoka tradizionalaren agertokia. Azoka abenduaren 29ra, ostegunera, arte, luzatuko da. Guztira, 20 postu hartuko ditu.

Baina askoz gehiago ere egongo da. Azokaren beraren jardueren barruan, hainbat emanaldi programatu dira: ipuin-kontalariak, zirku-ikuskizunak, malabar-jokoak, baso sorgindua eta atrakzio bat edo beste.

Magiaz betetako egun hauetarako Laudiok sorpresa gehiago ere gordetzen ditu. Galtzagorri kultur kolektiboari esker ezagunak diren buruhandiak Lamuzako kiroldegian egongo dira ikusgai, jakinmina dutenek ostegunean, abenduak 29, hurbiletik ezagut ditzaten. Elkarteko kideak bertan izango dira, festa bakoitzean Laudioko kaleetan zehar ibiltzen diren buruhandi ezagunen, beltzaren, txinatarraren, mexikarraren, “cagalubiasen” eta pailazoaren, historia azaltzeko.

Egun horretan bertan, baina 20:00etan eta Lamuzako San Pedro Parrokian, ongintzazko kontzertu bat egingo da Asasamen alde, ArteOn Laudiok antolatuta, Bi Hotsak Abesbatzaren partaidetzarekin eta Udalaren laguntzarekin.

Urtea amaitu baino lehen, Lamuza parkeko pergolan laudioarrek 2023rako euren nahiak ereiteko aukera izango dute, aurreko egunetan Laudioko gazte batzuk banatutako hazi-gutunen bidez. Ekimena abenduaren 31an izango da 12:30etan. Bitartean, Betijai fanfarreak musikaz girotuko du ekitaldia.

Urte berriari begira, laudioarrek euren egutegietan gorriz markatu beharreko hitzordu berezia izango dute. Aldai plazako izotz-pista, herritarrek erabiltzeko egongo da urtarrilaren 2tik 5era, 12:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 21:00etara.

Ekialdeko Errege Magoak

Datorren ostiralean, abenduak 30, Maiestateen Postari Errealak Laudioko Herriko plaza bisitatuko du, adingabeen desio guzti-guztiak jasotzeko. Topaketa 17:30etatik aurrera izango da. Egun horretan ere, 19:30etatik aurrera, Molto Vivace fanfarreak herriko kaleak animatuko ditu eta ordu erdi geroago San Roke Musika Elkarteak Gabonetako kontzertua eskainiko du Lamuzako Done Petriren parrokian.

Pertsonaia magiko horien desfilea ostegunean, urtarrilaren 5ean, iritsiko da. 19:00etatik aurrera, eta munduan zehar opariak banatzera abiatu aurretik, Meltxor, Gaspar eta Baltasar Laudioko txoko guztietan ibiliko dira, haur guztien ametsak egia bihurtzeko asmoz.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide