Laudiok Kultura Kontseilua eratu du eta urtarrilean egingo du lehen bilkura

Erabiltzailearen aurpegia Laudioko Udala 2022ko abe. 26a, 09:44

Organo horren bidez, herriko kultur eragileekin adostutako eta joan den otsailean onartutako Kulturaren Plan Estrategikoaren helburu eta erronka guztiak lantzen jarraituko da.

Dagoeneko eratuta dago Laudioko Kultura Kontseilua, kulturaren sektoreko hainbat eragileren arteko udal-jarduketarako edo lankidetzarako proposamenak jaso, sustatu, aztertu eta gauzatzea bilatzen duen kontsulta-, eztabaida- eta partaidetza-organoa. “Orain, udalerriaren kultur garapenean parte hartzen duten eragileekin, guztion artean gure kulturarentzako proiektu eta erronka ilusionagarriak sortu ahal izango ditugu”, zehaztu du Maite Cortazar Kultura, Jai eta Herritarrekiko Harremanetarako zinegotziak.

Organo hori Ander Añibarro alkateak, Maite Cortazar Kultura, Kirol eta Jai Zerbitzuko zinegotzi ordezkariak eta Udalbatzan ordezkaritza duten talde politiko bakoitzeko kide batek osatzen dute. Horiez gain, Laudion kulturaren arloan lan egiten duten elkarteetako, hainbat arte-diziplinarekin zerikusia duten herritarren erakundeetako eta beste eragile batzuetako 16 ordezkari daude. Nolanahi ere, Kontseiluaren bilkurak herritarrentzat irekita egongo dira. Urtean lau egingo dira, egokitzat jo daitezkeen ezohiko bilerez gain.

Kultura Kontseilua osatzeko saioa urtarrilaren 16an izango da, 18:00etan, Kultura Etxeko Arraño aretoan. Bilkura horretan, organoaren eraketa berretsi eta hurrengo bilkuren egutegia zehaztuko da.

Organo horren bidez, Kulturaren Plan Estrategikoaren helburu eta erronka guztiak lantzen jarraituko da. Plan hori herriko kultur eragileekin adostu eta joan den otsailean onartu zen. Dokumentu bizi eta parte-hartzaile horri esker, udalerriko kultura-sektorea indartzeko landu beharreko funtsezko elementuak identifikatu ahal izan dira, bai eta Laudiok datozen urteetarako dituen kultur erronkak ere.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide