Laudio Glass Hub aurrera doa, beiraren sektorean espezializatutako prestakuntza ibilbideak sortuz Laudioko Udala, Eusko Jaurlaritza eta udalerriko beira-enpresak elkarlanean ari diren ekimen horrek, prestakuntza eskaintza aitzindaria eta merkatuaren beharretara egokitua abiaraztea ekarriko du Laudioko Udalak urratsak ematen jarraitzen du herria beiraren sektoreko lurralde estrategiko gisa kokatzeko, Laudio Glass Hub proiektuaren bidez. Gobernu Taldeak proposatuta sortu zen ekimena 2021eko uztailean, eta hainbat programa garatzea eta berrikuntza eta beiraren arloko enpresa-jarduera eta ezagutza erakartzeko poloa sortzea du helburu. Hain zuzen ere, azken arlo horretan egin du aurrera gehien Gobernu Taldeak, % 100 birziklagarria den material horren inguruan prestakuntza-ibilbide espezifikoak sortuz.
Hori guztia Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailarekin, 4GUNErekin (Euskadiko Ingeniaritza, Zientzia eta Teknologia Klusterra), IVAFekin (Etorkizuneko Ikaskuntzen Euskal Institutua) eta, jakina, herrian dauden lau beira-enpresekin (Guardian Glass, Glavista, Vidrala eta Trabeira) lankidetzan.
Laudio Glass Hub-en egindako bileretan, enpresa horiek sektorearen ezagutza espezializatuaren beharra azpimarratu dute, lantokietan eskuratutako ezagutza ez galtzea funtsezkoa den belaunaldien arteko errelebu zabaleko testuinguruan, batez ere.
Hausnarketa horren ondorioz, prestakuntza-programa eta -ibilbide espezifikoak abian jartzeko aukera ikusi da, bai jardunean dauden langileentzat, bai lanbideheziketa hasten ari diren gazteentzat. Prestakuntza hori bat etorriko da beira ekoizteko erabiltzen diren prozesu nagusiekin, baina baita zeharkako joera eta gaitasunekin ere, hala nola 4.0 industriarekin, robotikarekin edo trebezia pertsonalekin.
Prestakuntza-ekintzak zehazteko eta Laudioko sektoreko enpresen beharretara ahalik eta gehien egokitzeko, hainbat bilera egin dira haiekin, eta galdetegi bat helarazi zaie, talentu-beharrak zehazteko, bai gaur egun, bai epe ertain-luzean.
Jarduera horren ondorioak izango dira ibilbideen eduki zehatza diseinatzeko eta definitzeko gakoa.
“Kontratazio berriei begira enpresek dituzten behar eta zailtasun komunak identifikatu nahi genituen. Funtsezkoa da enpresek zer eskatzen duten jakitea, ondoren gure gazteak trebatu ahal izateko”, zehaztu du Ander Añibarro alkateak.
Horrekin guztiarekin, 2023-2024 ikasturtean prestakuntza-ekintza horiek gauzatu ahal izatea espero da, Lanbide Heziketako Laudioalde ikastetxearekin lankidetzan.
Laudio Glass Hub: proiektu integrala
Prestakuntzaz gain, Laudio Glass Hub proiektuak udalerriko beira sektoreko enpresen beste erronka estrategiko batzuetan aurrera egiten jarraitzen du. Hala, Laudioko Udalak, Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak energia trantsiziora edo sektoreko berrikuntzara bideratutako ekimenak definitzen jarraitzen dute, eta, horretarako, enpresekin beraiekin lan egiten jarraitzen da epe labur, ertain eta luzean lehiakortasunerako inpaktu handiena duten lan-ildoak identifikatzeko.
Horri dagokionez, nabarmentzekoa da Aiaraldeko Berehalako Jarduketa Planean proiektu horretarako aurreikusitako 2,5 milioi euroko zuzkidura. “Laudio Glass Hub proiektuarekin Laudio beiraren hiri gisa kokatuko dugu Europa mailan”, amaitu du alkateak.