Laudioko Udalak larunbat honetan berreskuratuko du zinema zerbitzua La Milagrosa ikastetxean

Erabiltzailearen aurpegia Laudioko Udala 2023ko urt. 10a, 13:19

La Milagrosa ikastetxea, artxibo irudi batean. / Aiaraldea.eus

Zerbitzuaren berrinaugurazioa filmen emanaldi bikoitzarekin egingo da, bat haurrentzat eta bestea helduentzat.

Laudioalde lanbide heziketako zentroan ematen zen zinema zerbitzua iaz bertan egin behar izan ziren lanen ondorioz eten zenetik, Udala toki alternatiboak bilatzeko lanean aritu da. Horretarako, hainbat espazio aztertu dira, udalarenak zein udalarenak ez direnak, zinema zerbitzua ahalik eta baldintza onenetan eskaini ahal izateko, espazioaren erosotasuna, sonoritatea, ikusgaitasuna, irisgarritasuna eta abar kontuan hartuta.

Orain arte filmen emanaldiak egiten zituen enpresak parte hartu duen bilaketa horren ondorioz, ikusi da La Milagrosa ikastetxeko ekitaldi-aretoak zinema baldintza onenetan berreskuratzeko beharrezkoak diren ezaugarriak betetzen dituela.

“Hilabete batzuk etengabe bilatzen aritu ondoren, larunbat honetatik aurrera laudioarrek zinema zerbitzua erabili ahal izango dute berriro La Milagrosa ikastetxean. Eskerrak eman nahi dizkiegu hasiera-hasieratik izan duten jarrera onarengatik”, zehaztu du Ander Añibarro alkateak.

Horrela, larunbat honetan, urtarrilak 14, berriro hasiko da jende guztiarentzako zine zerbitzua. Herritarrek asko eskatzen duten jarduera da eta astebururo dozenaka pertsona biltzen ziren Laudioalden. Horrela, larunbat honetan berrinauguratuko da zerbitzua, film emanaldi bikoitzarekin, bat haurrentzat eta bestea helduentzat.
- 17:00etan Trash (haurrentzat)
- 19:00etan Cinco Lobitos

Datozen egunetan hurrengo asteetarako filmen programazioa iragarriko da udal komunikazio kanalen bitartez, orain arte egiten zen bezala.

“Gure auzokideen eskakizunak beteko dituen zine programazioa eskaintzeko egingo dugu lan, hainbat gairi buruzko filmak uztartuz, haurrentzat, gazteentzat eta helduentzat, eta euskaraz eta gaztelaniaz”, gaineratu du Maite Cortazar Kultura zinegotziak.

Zerbitzuaren gainerako baldintzei dagokienez, Laudioaldeko zinema zerbitzurako ezarritako prezioekin jarraituko da, 3 euro estreinaldiko filmetarako eta 2 euro gainerako filmetarako.

Laudioko Udalak La Milagrosa ikastetxeko areto nagusian jarraituko du zinema zerbitzua ematen, Latiorro auzoan egongo den LEKU, “Laudioko Ekintza eta Kultur Unea”, errealitate bihurtu arte.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide