Laudioko Udalak joan den abuztuan aurreratu zuen bezala, Udal Plangintzaren Aholku Batzordeaz gain (organo hori 2020an berritu zen, eta udalerriko hainbat elkarte, enpresa eta pertsona biltzen ditu, Udalaren kontsulta-organo gisa jarduteko hirigintza-plangintzaren arloan), laudioarrek zeregin erabakigarria izango dute Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) berrikuntzan. Hala, datorren asteartean, urtarrilaren 17an, Laudioko biztanleek egutegietan gorriz markatuta dagoen hitzordua izango dute, egun horretan egingo baita plan berria definitzeko prozesua aurkezteko jardunaldia. Topaketa 18:00etan izango da Kultur Etxeko Arraño aretoan.
“Parte hartzeko plataforma iraunkorra aurkeztuko dugu, bai eta prozesu osoaren elaborazio, parte-hartze eta informazio lanen programazioa ere”, aurreratu du Ander Añibarro alkateak.
Hiri Antolamenduko Plan Orokor (HAPO) berria herritarren eguneroko bizitzaren eta lurralde osoko ingurumen-baldintzen alderdi ugari hobetzeko aukera gisa aurkezten da. Mugikortasuna, bizigarritasuna, ingurumena, ekipamenduak, zuzkidurak edo sektore ekonomikoak landuko dira hemendik aurrera herritarren konpromisoa eskatuko duen prozesu osoan.
Zehazki, aurkeztuko den Partaidetza Planak helburu hauek ditu:
- Herritarrek Plan berriari eta hura idazteko prozesuari buruzko informazioa eskatzeko dituzten eskubideak erraztea, hizkuntza irisgarriaren bidez, tokiko gizarteko sektore bakar bat ere ulertu gabe gera ez dadin.
- Eztabaida publikoak irekitzea, Laudion antolamendu jasangarria eta guztion onura bultzatzeko, intereseko gaiak saihestu gabe eta ahalik eta sentsibilitate gehien biltzen saiatuz.
- Eduki teknikoak aberastea eta Plan Orokorraren helburuekin bat datozen planteamenduak txertatzea, herritarren ikuspegia landuz eta zeharka hartuz, sexua, hizkuntza, kontsumitzeko gaitasuna, adina edo beste faktore batzuen ondorioz inor baztertu gabe.
- Prozesua bera herritarren dinamika eta gobernantza elikatzeko era bihurtzea.
“Herritar guztiak animatu nahi ditugu datozen hilabeteetako lanaren oinarriak ezarriko dituen lehen jardunaldi honetan parte hartzera”, gaineratu du Ander Larrinaga Hirigintzako Zinegotziak.