Amaitu da gazteentzako Negulekuak aisialdi programa, eta balantzea ezin da positiboagoa izan. Laudioko Udaleko Gazteria Sailak, 10 eta 16 urte bitarteko gazteei aisialdirako aukera bat eskaintzeko asmoz, Gabonetarako programa berreskuratu zuen, bi asteko jarduerak eskainiz, abenduaren 26tik 30era eta urtarrilaren 2tik 5era, hain zuzen ere.
Lehenengo txandan 48 lagunek hartu zuten parte, 24 mutil eta 24 neska, eta bigarren astean, berriz, 23 mutil eta 22 neska aritu ziren. “Gazteen balorazioak oso positiboak izan dira. Izan ere, batek baino gehiagok esperientzia errepikatu dute, oso pozik zeudelako”, zehaztu du Julian Larisgoitia saileko zinegotziak.
Programa luzatu den bi asteetan, ezagutza sustatzen duten tailerrak eta jolasak, gozokien errezetak, ginkana bat eta Laser Tag jarduera bat egin dira. Gazteek Gasteizko izotz pista eta City Jump-a ere bisitatu dituzte, eta scape room bat egin dute, besteak beste.
Datorren astetik aurrera, gaztelekuak 17:00etatik 20:00etara irekiko ditu ateak ostegun, igande eta jaiegunetan, eta 17:00etatik 21:00etara ostiral, larunbat eta jai-bezperetan.
Gazteen aisialdirako programa Aste Santuan itzuliko da Laudiora, Udaberrilekuak izenarekin. Laudioko Udalak udan ere ekingo dio ekimenari, uztailean hain zuzen ere, Udalekuak izenarekin.