Abian da Laudioko Kultur Kontseilua

Erabiltzailearen aurpegia Laudioko Udala 2023ko urt. 18a, 08:41

Kultura Etxean egin dute kontseiluko lehen bilera. / Laudioko Udala

Kontsulta-, eztabaida- eta partaidetza-organo hori otsailaren 13an bilduko da berriro, 18:00etan, Kultura Etxeko Arraño aretoan, aurten landu beharreko gairik garrantzitsuenak zehazteko.

Astelehenean, urtarrilak 16, lehen aldiz bildu zen eratu berri den Kultur Kontseilua, Laudion kultura garatzeko elkarteak eta pertsonak biltzen dituen lantaldea. Udala azken hilabeteetan ari zen kontsulta-, eztabaida- eta partaidetza-organo hori osatzeko lanean, udal jarduketarako edo kultur sektoreko eragileen arteko lankidetzarako proposamenak jaso, sustatu, aztertu eta gauzatzeko.

Ander Añibarro alkateak, Maite Cortazar Kultura, Kirol eta Jai Zerbitzuko zinegotzi ordezkariak eta Udalbatzan ordezkaritza duten talde politiko bakoitzeko kide batek osatzen dute Kultur Kontseilua. Horrez gain, Laudion kulturaren garapenerako lan egiten duten elkarteetako, hainbat diziplina artistikorekin zerikusia duten herritar-erakundeetako eta beste eragile batzuetako 16 ordezkari daude.

“Prozesu hori, guztion artean gure kulturarako proiektu eta erronka berriak eta ilusionagarriak definitzeko eta lantzeko interesak eragin du. Oso pozik gaude azkenean Kultur Kontseilua abian jarri delako. Oso gogor egingo dugu lan udalerriko kultur sektorea indartzeko eta datozen urteetako Laudioko kultur erronkak betetzeko”, zehaztu du Maite Cortazar Kultura zinegotziak.

Lehen bilera horren helburua Kontseiluaren lanerako oinarriak ezartzea zen, organo egonkor bihurtzeko. Horrela, Kontseilua hiru hilean behin biltzea erabaki zen, zehazki hiru hilean behingo lehen astelehenean. Saio horiek, gainera, herritarrei irekita daude, landutako gaiak bertatik bertara entzutera joan daitezen.

Saioak 2023ko udal kultur politika eta programazioaren lehen errepasoa egiteko ere balio izan zuen, kulturari dagokionez ekitaldi honetarako indarrean dagoen udal aurrekontua azaltzeaz gain.

Era berean, kideek adierazi zuten beharrezkoa dela Kontseiluari egonkortasuna ematea, parte hartzeko benetako organoa izan dadin. Horrela, urtean landu beharreko gaiak definitzeko premian sakontzen da, kideentzat garrantzitsuenak diren Kulturaren Plan Estrategikoko proiektu eta ekimenei lehentasuna emanez. Izan ere, ezohiko bilera egitea erabaki zen otsailaren 13an, 18:00etan, Kultura Etxeko Arraño aretoan. Bilera horren helburua Kontseiluan parte hartzen duten taldeek eta pertsonek urteko gainerako egunetan landu beharreko gairik garrantzitsuenak azaltzea izango da.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide