Laudioko Udalak datozen hilabeteetarako ezarri duen erronka garrantzitsuenetakoa udalerriaren izaera ekintzaile eta berritzailea indartzea da, zehazki, bertako enpresena eta industriarena. Hainbat ekimen landu dira, beste eragile publiko eta pribatu batzuekin lankidetzan, eta horien artean nabarmentzekoa da Laudio Hazi, Udaleko ekonomia sustatzeko agentziaren eta Laudio Group, udalerriko 17 enpresa biltzen dituen elkartearen arteko koordinazio estua.
“Laudioko enpresek ikuspegi berriak behar dituzte lehiakorragoak eta berritzaileagoak izateko, eta eragile guztien arteko lankidetzaren bitartez soilik aprobetxatuko da iraultza teknologikoa gure industriaren mesedetan”, adierazi du Ander Larrinaga Hiri Garapeneko zinegotziak.
Horren ondorioz, Udalak, ekintzailetzarekin, berrikuntzarekin eta enpresa-garapenarekin zerikusia duten Laudioko eragile publiko eta pribatu guztiak integratuko dituen ekosistema sortzea helburu duen programa abiarazi du.
Proiektu hori aurkezteko eta enpresen eta eragileen atxikimendua lortzeko, jardunaldi irekia egingo da otsailaren 2an, osteguna, 9:30ean, Laudio Hazin.
Saio horretan, proiektuaren xehetasunen berri emateaz gain, enpresetan eta ETEetan berrikuntza garatzeko funtsezko kontzeptuak landuko dira, eta, gainera, Laudioko enpresen artean sinergiak sortzea bilatuko da, proiektu berritzaileak elkarlanean abian jartzeko.
Jardunaldi horretatik aurrera, bi tailer antolatuko dira programan parte hartu nahi duten enpresekin, eta horien bitartez, berrikuntzari eta ekintzailetzari dagokienez aurre egin beharreko erronka komun nagusiak identifikatuko dira. Tailerrak otsailaren lehen hamabostaldirako aurreikusi dira.
Azken helburua, martxoan eta apirilean, identifikatu diren erronka komunetatik abiatuta, erronka horiei erantzun ahal izateko hainbat teknologiatan espezializatutako startupak edo enpresak elkartuko dituzten saioak egitea da. Horrela, Laudioko enpresen eta udalerriko industriaren erronkei soluzio berritzaileak eman diezazkieketen startupen arteko lankidetza-proiektuak definitzeko egingo da lan.
“Azken batean, Udalak Laudioko enpresen eta beste eragile batzuen arteko sareak ehundu nahi ditu, teknologia berrien bitartez haien erronkei soluzioak emateko, Laudion kalitatezko jarduera eta enplegua sortzeko bitarteko gisa”, amaitu du Ander Larrinagak.