Laudiok aurrekontu berriarekin ekin dio 2023. urteari. Aurten % 9,2 hazi da 2022koaren aldean, ia 25 milioi eurora iritsi arte. Aurrekontu berri horrek, gainera, esfortzu handia egiten du gizarte-garapenaren alde eta Laudioko auzoetan inbertsio-partida berriak sartzeko.
Aurrekontu horri, orain, Garapen Jasangarrirako Helburuen ikuspegia gehitu zaio. Helburu horiek GJH izenez ere ezagutzen dira, eta ekintzarako dei unibertsala egiten dute pobreziari amaiera emateko, planeta babesteko eta mundu osoko pertsonen bizitzak eta itxaropenak hobetzeko. 2015ean, NBEren Batzar Nagusiak Garapen Jasangarrirako 2030 Agenda onartu zuen. Plan horrek bi urte baino gehiago eman zituen kontsulta publikoetan, gizarte zibilarekiko elkarreraginean eta herrialdeen arteko negoziazioetan, eta Garapen Jasangarrirako 17 Helburu biltzen ditu, ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren esparruetan sartzen diren 169 helburu integratu eta zatiezinekin.
“Garapen jasangarrirako eredu batek premiaz ekin behar dio desberdintasunekin amaituko duen, gizarteratzea sustatuko duen eta hori guztia gure planetaren mugak kontuan izanda egingo duen trantsizio sozial eta ekologikoari. Horregatik, funtsezkoa da gure aurrekontua partekatutako erronka horiei erantzutera bideratzea”, azaldu du Ander Añibarro alkateak.
EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteak EAEko udalei laguntzeko lehen metodologia egin zuen 2022an, udal-aurrekontuak Garapen Jasangarrirako Helburuekin lerrokatzen hasteko. Horrela, Laudioko Udalak garapen jasangarriarekin eta, bereziki, 2030 Agenda betetzearekin duen konpromisoaren barruan, udal aurrekontua GJHekin lerrokatzeko lana egin da, dimentsio anitzeko eta zeharkako ikuspegia emateko, eta diru-sarreren eta gastuen zenbakizko kontzeptu hutsetik haratago joateko.
Lerrokatze-ariketa gastu-politiketan eta -programetan oinarrituta egin da, aurrekontuan jasotako jarduera bakoitzarekin lotura zuzena duten GJHak identifikatuz, helburuak hiru dimentsiotan multzokatuz: soziala, ekonomikoa eta ingurumenekoa.
Egindako txostenaren ondorioek erakusten dute Laudioko Udalaren 2023rako aurrekontua guztiz lerrokatuta dagoela Garapen Jasangarrirako Helburuekin, eta eragin orekatua duela dimentsio guztietan. Horrela, aurrekontuak GJHekin duen lerrokatzearen analisiak hainbat helbururen gaineko eragina erakusten du, ahalegin berezia eginez Laudioko hiri-berroneratzean eta gizarte-politiken eta gizarte-ongizateko politiken garapenean (kultura, kirola, hezkuntza, berdintasuna, etab.).
“Harrotasunez esan dezakegu denboran eta forman onartzen dugun laugarren aurrekontu jarraitua dela. Eta orain urrats bat harago goaz eta gure inbertsioak NBEren Garapen Jasangarrirako Helburuekin lotzen ditugu, Laudio jasangarriagoa eta bidezkoagoa eraikitzeko lan egiten dugula ziurtatzeko”, gaineratu du Eva Marquínez Ekonomia eta Zerga Kudeaketako zinegotziak.
Dimentsio soziala
COVID-19ak are gehiago indartu du herritarren osasuna, ongizatea, hezkuntza eta eskubide sozialak babesteko konpromisoa, kolektibo ahulenetan arreta berezia jarriz. Ildo horretan, 2030 Agendak sei GJH hauek biltzen ditu:
• 1. GJH, Pobreziaren amaiera.
• 2. GJH, Zero gosea.
• 3. GJH, Osasuna eta Ongizatea.
• 4. GJH, Kalitatezko hezkuntza.
• 5. GJH, Genero-berdintasuna.
• 10. GJH, Desberdintasunak murriztea.
Gizarte-dimentsioak garrantzi berezia hartzen du udal-aurrekontuan, aurrekontu osoaren % 32 horretara bideratzen baita, 8 milioi euro inguru. Kasu honetan, Laudioko Udalaren aurrekontuak ekarpen garrantzitsua egiten die 4. eta 3. GJHei, kultura (kultura-programak, kultura- eta aisialdi-taldeentzako diru-laguntzak, kultura-azpiegituretako inbertsioak, etab.), hezkuntza (ikastetxeak hobetzeko lanak, euskara sustatzeko ekimenak, prestakuntza-programak, etab.), kirola (kirol-ekitaldien antolakuntza, kirol-taldeentzako diru-laguntzak, etab.) eta osasuna (adikzioak prebenitzeko programak, arreta soziosanitarioa, etab.) babesteko abian jarritako ekimen guztiak biltzen baitituzte.
Era berean, 10. GJH ere nabarmendu behar da, gazteriari edo adinekoei laguntzeko gastu-partidak bideratzen baitzaizkio, desberdintasunak murrizteko asmoz. Era berean, 5. GJHk berdintasun-politikak jasotzen ditu, 350.000 eurotik gorako zenbatekoarekin. Gauza bera gertatzen da gizarte-politiken bidez (sostengu-laguntzak, indartze-programak, etab.) pobrezia geldiaraztea bilatzen duen 1. GJHrekin.
Dimentsio ekonomikoa
Dimentsio hori errentaren igoeratik harago doa, eta baliabide naturalen errespetuari eta gizarte-ongizatearen hobekuntzari ere protagonismoa ematen die, etorkizunean pentsatuz. Ildo horretan, bi GJH identifikatu dira:
• 8. GJH, Lan duina eta Hazkunde ekonomikoa.
• 9. GIH, Industria, Berrikuntza eta Azpiegitura.
Hala, dimentsio ekonomikoak udal-aurrekontuaren ia % 15a hartzen du, 3,5 milioi euro. 8. GJHak jarduera ekonomikoa eta enplegua ditu ardatz, oro har (besteak beste, merkataritza eta hiri-ekonomia dinamizatzea, kolektibo kalteberentzako enplegu-programak, langabeak kontratatzeko laguntzak etab.); 9. GJHak, berriz, berrikuntza eta garapen teknologikoko politikak jasotzen ditu, bai eta udalerrian funtsezko azpiegiturak garatzea ere (ETEetan berrikuntzari laguntzeko programak, Laudioko industriaren garapena edo inbertsioa udalerriko azpiegitura estrategikoetan).
Ingurumen-dimentsioa
Klima-aldaketaren aurkako borroka, ingurumenaren babesa eta ekoizpen- eta kontsumo-eredu jasangarriagorako trantsizioa dira dimentsio horren funtsezko elementuak. Bertan zazpi GJH identifikatu dira:
• 6. GJH, Ur garbia eta saneamendua.
• 7. GJH, Energia eskuragarria eta ez-kutsatzailea.
• 11. GJH, Hiri eta komunitate jasangarriak.
• 12. GJH, Ekoizpen eta kontsumo arduratsua.
• 13. GJH, Klimaren aldeko ekintza.
• 14. GJH, Urpeko bizitza.
• 15. GJH, Lurreko ekosistemetako bizitza.
Zehazki, ingurumen edo lurralde arlora udal aurrekontuaren % 32 bideratzen da. 2023an 8 milioi euro inguru zuzendu dira arlo horretara. Kasu honetan, nabarmentzekoa da 11. GJHri egindako ekarpena; izan ere, udalerri jasangarriagoa eta erresilienteagoa lortzeko (espaloiak berritzea, errepideak eta bideak asfaltatzea, espazio degradatuak urbanizatzea, aparkaleku berriak sortzea, etab.) hiri-berroneratzearekin eta obra publikoekin lotutako jarduketa eta inbertsio guztiak bideratzen dira horretara. Era berean, 7. GJH aipatu behar da, gastu energetikoak udal-aurrekonturako duen garrantziarengatik.
Azkenik, gainerako helburuak lortu ahal izateko dimentsio instituzional edo zeharkakoan sar daitezkeen eta udal-funtzionamendua hobetzeko aukera ematen duten 16. eta 17. GJHak nabarmendu behar dira. Horien artean, 17. GJHa aliantzak eta lankidetza publiko-pribatuko sareak sortzean oinarritzen da, Udalak diru-laguntzak emanez betetzen duen jarduera eta sareetako eta lantaldeetako kide izatea barne.