LABORAL KUTXA Masterraren VII. edizioa, duela 7 urte Emakume Master Cup sortu zenetik emakumezkoen esku-pilotaren errealitate desberdinen erakusleiho zabalena, igande honetan hasiko da berriro Murgian.
Txapelketak prest du ibilbide orria eta, oraingoan, finalerdia Laudioko Areta pilotalekuan jokatuko da (ETBko kamerekin), martxoaren 12an. Pilota mistoko lehen mailako eta elite mailako finalak Zarautzen jokatuko dira martxoaren 26an (ETB1ek zuzenean eskainiko ditu).
Sortu zeneko filosofiari leial izanik, aurten ere txapelketa erabat irekia izango da, hau da, parte hartu nahi izan duten emakume guztiek ateak irekita izan dituzte eta bakoitzak bere beharretara eta nahietara egokituko den lehiaketa bat izango du eskura. Guztira, 65 pilotarik hartuko dute parte antolatutako lau mailetan: Pilota Goxua (25 pilotari), Gazteen pilota mistoa (24), 1. mailako pilota mistoa (8) eta Elite mailako pilota mistoa (8).