Laudio bere inauteriak bizitzeko ari da prestatzen

Erabiltzailearen aurpegia Laudioko Udala 2023ko ots. 10a, 08:00

Mozorro lehiaketa, laudioarrek gehien espero duten jarduera, otsailaren 18an, larunbatean, izango da.

Laudio prest dago inauteriak, urteko jairik alaiena, mugaketarik gabe jasotzeko eta ospatzeko. Laudioko Udalak gustu eta adin guztietarako jarduera egitarau zabala diseinatu du otsailaren 17, 18, 21 eta 24rako. “Aurten mugaketarik gabe biziko dugu neguko jairik dibertigarriena. Zalantzarik gabe, Laudioko kaleak mozorro originalez beteko dira”, adierazi du Maite Cortazar Kultura eta Jaietako zinegotziak.

Otsailaren 17an, ostiralean, 17:00etan, bere mende erdiko historia dela eta Latiorroko Ikastetxeak, Laudioko Udalarekin elkarlanean, Kamaraka kalean antolatu duen haurrentzako disko-dantzarekin hasiko dira jarduerak. Baina jarduera gehiago ere egongo da, 50 urte ez baitira egunero betetzen. Hala, arratsaldean, 19:00etatik aurrera, momotxorroen kalejira, magia ikuskizuna eta karaokea izango dira Laudion.

Hurrengo egunean, otsailaren 18an, 13:00etatik aurrera, laudioarrek gozatzen, barre egiten eta dantzatzen jarraitu ahal izango dute, herriko kaleak girotuko dituen inauterietako musika-animazioarekin. Amantala jantzi eta Aldai plazan egingo den sukaldaritza tailerrean ere parte hartu ahal izango dute. Bertan, jai honetako plater famatuena prestatuko da: inauterietako torrijak. Sukaldean aritu nahi ez dutenek Suziri Jai Koordinakundeak larunbaterako antolatu duen Inauterietako Bazkarian parte hartu ahal izango dute.

Horrez gain, egun horretan, laudioarren inauterietako ikono protagonista ere agertuko da: Lezeagako Sorgin famatua. Tradizioarekin jarraituz, bera izango da inauterietako desfile herrikoi eta klasikoaren buru, txotxongilo, malabar, akrobazia eta haize-tximeleten ikuskizunekin batera. Oraingo honetan, desfilea 18:30ean abiatuko da La Milagrosa Ikastetxetik, eta Ardantzazar, Zumalakarregi eta Alberto Acero arteko bidegurutzea, Alberto Acero plaza, Basalarrina eta Herriko Plazatik jarraituko du. Bertatik eskainiko die bere agurra Lezeagako Sorginak laudioarrei.

“Dibertimenduak ez du etenik izango inauterietako otsailaren 18 horretan, suzko ikuskizun bat eta akrobaziak ere izango baitira, udaletxeko plaza betez sariak banatu arte. Eta ondoren, gorputza mugitzera eramango gaituzten DJ-a eta erromeria izango ditugu”, nabarmendu du zinegotziak.

INAUTERIETAKO ASTEARTEA

Inauterietako asteartean, 19:00etatik aurrera, herritarrek unerik berezi eta magikoenetakoa biziko dute Lezeagako Sorginaren eskutik: gaiztakeriaren erreketa. Baina neguko festa alai eta lotsagabe honi agur esan aurretik, laudioarrek hitzordua izango dute Aldai Plazan. Izan ere, hiru orduz, 17:00etatik 20:00etara, puzgarriak, zezen mekanikoa, ekortzeko makina, rokodromoa eta egurrezko jolas tradizionalez osatutako haur-parkea egongo da. Herriko Plazan etxeko txikienentzako ikuskizuna ere egongo da: "Kolorez jantzia".

Amaitzeko, Laudioko Udalak Porrotx eta Marimototsen haurrentzako “Urteak bete, abenturak bizi!” ikuskizuna antolatu du otsailaren 24rako, ostiralerako, Lamuza kiroldegian.

MOZORRO LEHIAKETA

Otsailaren 18an, larunbatean, egingo den mozorro lehiaketan parte hartu nahi dutenek otsailaren 15eko 00:01etik hurrengo eguneko, hilaren 16ko 24:00etara izango dute izena emateko epea. Izen-emateak ihauteriak2023@laudio.eus helbide elektronikoaren edo Laudio Berrikusi aplikazioaren bitartez egin ahal izango dira, hau adieraziz:
• Mozorroaren izenburua.
• Taldean parte hartu duten kideen eta adingabeen kopurua.
• Karroza daramaten ala ez.
• Harremanetarako pertsona eta telefono-zenbakia.

Edonola ere, izen-ematea otsailaren 17an ere egin ahal izango da Kultur Etxean, 16:30etik 17:45era.
Hona hemen mozorro-lehiaketaren kategoriak eta sariak:
• 21 pertsonatik gorako taldeak: 1. saria 450 €/ 2. saria 300 €/ 3. saria 150 €
• 8 eta 21 pertsona arteko taldeak: 1. saria 250 €/ 2. saria 150 €/ 3. saria
100€
• Talde txikiak: 1. saria 150 €/ 2. saria 75 €/ 3. saria 50 €
• Helduak: 1. saria 100 €/ 2. saria 50 €
• 12 urtetik beherako haurrak: 1. saria 75 €/ 2. saria 50 €
• Karrozak: 1. saria 300 €/ 2. saria 200 €/ 3. saria 100 €
• Animazioa: 1. saria 150 €

• Sari berezia: 1. saria 150 €

Epaimahaia herrikoia izango da eta udalerriko bizitza soziokulturalarekin zerikusia duten herritarrek eta eragileek osatuko dute. Udaleko kultura, kirol eta jai zerbitzuko kide batek idazkari gisa jardungo du, hitzarekin baina botorik gabe.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide