Komunikazioa bi pertsonaren edo gehiagoren artean informazioa trukatzeko ekintza kontzientea da, informazioa edo iritzi desberdinak transmititzeko edo jasotzeko helburuz. Hala ere, gaur egun, gizartean gehiegizko informazioa dago eta kanal eta komunikabide asko dago guztien esku. Komunikabideek urteetan zehar izan duten bilakaera ezagutzeko, Laudioko Udalak sektoreko profesional handiak gonbidatu ditu datorren ostegunean, otsailak 23, “Kafe bat...” ekimenean parte hartzera.
Hitzordua ordu eta erdiko eztabaida izango da, 19:00etatik aurrera Lamuza parkeko Kasinoan, eta kazetari eta informatzaile gonbidatu handiak izango ditu, Andoni Aldekoa, Asier Sánchez, Marta Peciña, Rafa Arberas, Izar Mendiguren eta Goi Avilés, besteak beste. Iratxe Estrada kazetariak, Radio Llodioko erredaktore eta esatariak, egingo ditu moderatzaile lanak.
Bertaratzen direnek kafea partekatu ahal izango dute solasaldia luzatzen den bitartean.
Jardunaldiak, komunikazioaren bilakaera orokorra eta gaur egun harremanak izateko dugun modua aztertzeko ere balioko du.
Topaketa ireki eta doako horien bidez, Laudioko Udalak kulturaren aldeko apustua egin nahi du, baina baita gaur egun komunikazioak duen garrantzia erakutsi ere. Kultura ezin baita komunikaziorik gabe ulertu.
“Kafe bat...” ibilbide luzeko profesionalekin
Topaketan parte hartuko duten komunikazioaren sektoreko profesionalek oso ibilbide luzea dute. Eta, gainera, Asier Sanchez izan ezik, Laudioko bizilagunak dira.
Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusia da; Marta Peciña kazetaria eta edukien sortzailea El Correo de Alavan; Rafa Arberas erredaktorea eta esataria Radio Llodion; Izar Mendiguren kazetaria Aiaraldean; eta Goi Avilés moda blogaria eta influencerra (ia 20.000 jarraitzailerekin).
Asier Sanchez EITBko kazetaria ere bertan izango da. Oso ezaguna da, ikus-entzule gazteagoak ere erakartzen dituzten gaurkotasunari buruzko saioengatik. Estaldura bereziak egiteaz gain, orain “ReviewAitaMari” zuzentzen eta aurkezten du, gaurkotasuneko lehen transmedia formatua.