Laudioko Udalak, udal kirol ekipamenduak eta instalazioak hobetzeko eta osatzeko xedez, rokodromo bat eta bulder bat instalatu ditu Latiorroko pilotalekuan, horrela herriko eskalada- eta mendi- zale ugariei entrenatzeko eta gozatzeko aukera emango dien instalazioa sortzeko. Izan ere, Laudiok mendiko hainbat klub eta elkarte ditu, federatu ugarirekin.
Rokodromorako ate irekien jardunaldia datorren martxoaren 18an izango da, baina kirol jarduera ez da astelehenera, hilaren 20ra, arte hasiko. Udal instalazioa Haitzetan Gora Mendi Klubak kudeatuko du. Horrela, kirol azpiegitura astelehenetik larunbatera, 09:00etatik 22:00etara egongo da herritarren eskura.
Haitzetan Gora Mendi Klubak zuzendutako ikastaroak hasi nahi dituztenek – apiriletik maiatzera izango dira– kirol ekipamenduan bertan edo haitzetangora@gmail.com helbide elektronikoaren bidez eman ahal izango dute izena.
Denentzako instalazioa
Bulderra duen rokodromoak 74.874,80 euroko aurrekontua izan du, eta Latiorroko pilotalekuaren ezker hormaren barruan dago. Kirol azpiegiturara Asudio Bidea kaletik sartu ahal izango da.
Instalazioa denentzat da egokia, eta hasiberriek zein esperientziadunek erabili ahal izango dute, rokodromoak zailtasun-maila desberdinetako bideak sortzen dituzten
hainbat inklinazioko planoak dituelako.
Udalak, bere aldetik, instalazioa hobetzeko lanean jarraituko du, bainugela eta aldagela berriak egokituz.