Joan den urtearen hasieran, Urbidek, Arabako Ur Partzuergoak, bere gain hartu zuen Laudioko ur-horniduraren kudeaketa. 80ko hamarkadaz geroztik, hornidura sarea mantentzeko ardura zuen erakundeak 30 eta 80 euro arteko fidantza eskatu zien partikularrei eta enpresa abonatuei, Udal Ordenantzak hala agintzen zuelako.
Bada, orain, berme hori jartzeko betebeharrik ez dagoenez, Laudioko Udalak ur-zerbitzuaren fidantzak itzuliko dizkie inplikatutakoei –ia 4.000–. Itzuli beharreko zenbatekoa, guztira, 316.595,36 eurokoa da.
Horretarako, Laudioko Udalak horniduraren eta fidantza-gordailuaren titulartasuna alderatuko ditu, eta gutxienez kasuen %75ean bat etortzea espero da. Izapide hori Urbidek egingo du, abonatuen datuak eta konfidentzialtasuna babesteko. Nolanahi ere, pertsona guztiek, itzuli beharreko zenbateko espezifikoa eta itzultzeko zerbitzuari emandako banku-datuak jasotzen dituen jakinarazpena jasoko dute euren etxeetan.
Fidantzaren titularra hornidurarekin bat ez badator, hura aurkitzeko miaketa egingo da. Laudion bizi ez diren pertsonak badaude, iragarkia bidaliko da BOEra, helbideari buruzko daturik ez izateagatik ezin izan delako jakinarazi. Horri buruz sor daitezkeen zalantzak argitzeko, Laudioko Udalak kontsulta- edo/eta erreklamazio-zerbitzua jarriko du herritarren eskura Herriko Plazako Erabilera anitzeko Aretoan.
Datak eta ordutegiak datozen egunetan jakinaraziko dira, Udalak jakinarazpenetarako dituen ohiko bideen bitartez. Bertaratu ezean eta alegaziorik aurkeztu ezean, titularra proposatutako datuekin eta itzulketarekin ados dagoela ulertuko da.